MARTINEZ NEUROLOGOAK IKTUSARI BURUZKO BIGARREN HITZALDIA OSTEGUNEAN EMANGO DU

Gipuzkoan tratamenduan izandako aurrerapenei buruz hitz egingo du 18:30ean, Zuhaizti gizarte-etxean

Ordiziako neurologo Maite Martinezek Gipuzkoan iktusaren inguruan azken urteotan izandako aurrerapenei buruzko azterketa bat egingo du. Batez ere garuneko infartuaz (faserik zorrotzenean), eta osasun-zerbitzuaren antolamenduan gaixo bakoitzak hobekien doakion tratamendua jasotzeko kudeatu behar izan diren aldaketez jardungo da.

Martinez Ordiziara itzuliko da hiria sortu zeneko 750. urteurreneko egitarauaren barruan antolatutako osasunari buruzko zikloko bigarren hitzaldi horrekin. Hasiera batean Barrena Kultura Etxean egitekoa zen hitzaldia, baina azkenean Zuhaizti gizarte-etxean izango da, 18:30ean, jende gehiagorentzako lekua baitago.

Urtean 1.600 afektatu Gipuzkoan

Ikerketak iktusaren inguruko arretari buruzko ikuspegi berri bat izateko aukera eman du mendearen hasieratik. 2004an, arteriako buxadura azkar batean desegiteko tratamendu berri bat hasi zen aplikatzen Donostiako Unibertsitate Ospitalean, eta 2009an, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Iktusaren Unitatea jarri zen martxan pazienteak lehen orduetan kontrolatzeko.

Urtero 1.600 inguru kaltetu daude Gipuzkoan, eta horietatik % 10 dira 60 urtetik beherakoak.Tratamendu berriek eta zaintza espezializatuak, premietako eta larrialdietako medikuen esku-hartze azkarrarekin batera, bidea eman dute heriotza-kopurua murrizteko eta gaixotasun horrek eragiten dituen ondorioak gutxitzeko.

Bat-batean, hanka batek ez zien erantzuten, edo ez zitzaizkien hitzak ateratzen. Aurrez zergatik ez dakigula, odol-fluxua ez zen garunera iristen eta aurretik guztiz normal zegoen funtzioa galdu egin zuten (hitz egitea, mugitzea, besteak beste), eta gorputzaren alde bat, oreka, baita ikusmena ere galdu egin zuten.

Egoera horien aurrean, 112ra deitzea gomendatzen dugu beti. Zerbitzu horretan, profesional gaituak daude, eta jakingo dute garuneko ezbehar bat izan den. Hala izan bada, prozesu osoa martxan jarriko dute, une horretan denbora erabakigarria baita. 112ra deitu ondoren, eta istripu zerebrobaskular edo apoplexia baten aurrean gaudela susmoa hartuta, 'iktus-kodea' aktibatzen da; horren bitartez, beharrezkoa den tratamendua ahal denik eta azkarren emateko behar diren baliabideak hasten dira prestatzen.

Iktusa duen pazientea ospitaleratzen denean, eta egonkor dagoenean, sendagile errehabilitatzaileek balorazioa egiten diote, eta pertsona bakoitzari egokitutako tratamendua prestatzen dute.Alegia, gaixo bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako tratamendua prestatzen dute, helburu funtzional zehatzak lortzen saiatzera bideratua.

Plan hori aldian-aldian berrikusi egiten da, eta pertsonaren bilakaerara egokitzen da.Kaltetutako gaitasunen arabera, fisioterapeutak, terapeuta okupazionalak nahiz logopedak tratatuko dute.Profesional horien guztien arteko komunikazioa funtsezkoa da, prozesuaren fase bakoitzean helburuak zehazteko, bai ospitaleratzeko fasean, bai anbulatorioko fasean.

Doktorea, irakaslea eta dibulgatzailea

Horretaz guztiaz eta gehiagoz hitz egingo digu Maite Martinez Zabaleta doktoreak iktusari buruzko bigarren hitzaldi horretan.

Maite Martinez ordiziarra da, Medikuntzan eta Kirurgian lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean, eta halaber, neurologian aditua da.Martinezek Osakidetzako hainbat ospitaletan eta osasun-zentrotan jardun du 1996az geroztik.2008az geroztik Donostiako Unibertsitate Ospitaleko neurologia-zerbitzuan dihardu (bertan trebatu zen).

Maitek interes berezia du garun-patologia baskularrarekin. Horrela, pazienteak artatzen ditu, eta Donostia Ospitaleko iktus-unitatearen koordinatzailea da. Unitate horretan neurologia-ataleko burua da iaztik.

Horiez gain, EHUko irakaslea da 2007az geroztik, baita irakasle elkartua ere 2011z geroztik; neurologia irakasten du euskaraz.

Matinez Zabaletak ehundik gora kongresutarako komunikaziotan hartu du parte, hogeita hamar ikerketa-proiektutan baino gehiagotan ikertzaile laguntzaile edo ikertzaile nagusi gisa jardun du, eta hainbat aldizkaritan eta liburutan argitaratu du bere lana.

Zikloaren antolatzaileek Ordiziarentzat pribilegiotzat jotzen dute doktorea bertan egotea.