IOSU ETXEZARRAGA HISTORIALARIAREN HITZALDIA OSTIRALEAN BARRENAN

“ORDIZIA 750- HISTORIA” SOLASALDI-ZIKLOA  “Gizartea, populaketa eta lurraldearen antolaketa Villafrancaren aurretik” Barrena Kultur Etxea – otsailak 23, ostirala – 19:00 H.

Datorren ostiralean, otsailaren 23an, arratsaldeko 7etatik aurrera, Josu Etxezarraga historialariak  “Gizartea, populaketa eta lurraldearen antolaketa Villafrancaren aurretik” izenburu duen hitzaldia eskainiko du Barrena Kultur Etxean, "Miguel de Aranburu" Gipuzkoako Historialari Elkarteak eta Ordiziako Udaleko Kultura sailak antolatutako “Ordizia 750-Historia” solasaldi zikloaren barruan.

Arkeologiak Erromatar Garaian gipuzkoarrak nola bizi ziren ezagutzeko bidea zabaldu zuen bezala, Erdi Aroaren lehen zatiko Historia berridazteko aukera ere eman digu. Azken hamarkadan egin diren aurkikuntza arkeologikoen aurretik, gure lurraldeko gizartea famili arteko erlazio zurrunetan oinarritzen ziren giza-taldetan antolatzen zela uste genuen.

Euskal mendi eremuan Erromatar Inperioaren desegituraketak ekonomia abeltzaintzaren inguruan sostengatzera eraman zuela pentsatu izan da, bizi-iraupenerako soilik eta soberakin ugaririk sortu gabe. Komunitate hauek lurraldearen barnealdean bizi zirela uste genuen eta garai batzuetan kostaldeko mendizerretara mugituko zirela, urtaroen eta artaldeen beharren arabera. Honela, teoria honen arabera Gipuzkoan ez zen herri egonkorrik izango, 1000. urtearen bueltan jaunek sustatu zituzten arte. Suposatzen genuen Erromatar Inperioaren erorketak Burdin Aroko antzeko bizimodua ekarri ziela Kantauri itsasoaren kostaldeko euskaldunei.

Hala ere, Historiak eta Arkeologiak emandako fruituek eta hauek inguruko herrialdeetako garapen historikoarekin alderatzeak errealitatea oso bestelakoa zela ikustarazi digute. Alde batetik, Erdi Aroko jarduera ekonomikoak ez ziren uste bezalakoak, adibidez, abeltzaintzaren eta burdinaren ekoizpenaren kasuan. Getariako San Martin, Zarauzko Santa Maria edo Bidania-Goiazko San Pedro elizetan egindako esku-hartzeei esker badakigu, batetik, tenplu hauen eta inguruan garatu ziren hilerrien sorrera XI. mendea baino askoz lehenagokoa dela eta, bestetik, posible dela zenbait komunitate Erromatar Garaitik behintzat leku berean bizitzea modu egonkorrean. Badakigu, baita ere, Europa Mendebaldean 700. urtearen ingurutik aurrera ugaldu zirela herrixkak eta Euskal Herri guztian zehar ere antzeko modu eta erritmoan sortu zirela. Beraz, Gipuzkoak salbuespen izateari utzi dio eta Erdi Aroaren hasieran inguruan gertatzen ari ziren aldaketa sozial, kultural, politiko eta ekonomikoetan murgilduta zegoela ikusten ari gara.

Testuinguru berri honetan, non kokatzen dira Ordizia, Areriako harana eta Villafranca? Oraindik ez dira asko Goierrin era esanguratsu batean induskatutako Erdi Aroko aztarnategiak. Hala ere, esan genezake, batetik, eskualdeko parroki eta baseliza ugariren jatorria uste baino zaharragoa dela eta, ziurrenez, Ordiziako San Bartolome ez dela salbuespena izango. Badakigu baita ere, bailara hauetako baseliza batzuk lehen herrixketan garatu ziren tenplu haien adibide direla eta, beraz, garai batean, VIII eta XII. mende artean nagusiki, populaketa gune txiki eta ugaritan antolatuko zela. Ondoren, aldaketa politiko juridikoak emango ziren, ziurrenez loraldi ekonomikoak eraginda, eta honek guztiak populaketa eta demografiaren eraldaketa eragin zuen.

Ikuspuntu honetatik, hiribilduen sorrerak zentzua du lekuan lekuko interesak eta Gaztelako koroarenak bat egiten dutelako eta testuinguru jakin batek eskaintzen zizkien onurak bi parteok aprobetxatu nahi zituztelako. Ikuspuntu berri honetatik, XIII. mende erdialdean Oria ibarrean sorturiko hiribilduak ez ziren Gaztelak merkatal bidea zabaltzeko asmoz hutsetik eratuko, gero eta dinamismo handiago zuen ardatz bat sendotu, berrantolatu eta ahalik eta etekin handiena sortzeko baizik. Hala ere, berregituraketa demografiko eta politikoaren lehen zantzuak aurreko mendean hasten dira (inguruko zenbait eskualdetan behintzat). Bertako eliteen papera, beraz, funtsezkoa izango zen gero hiribilduen sorrerak sendotu eta bizkortu zuen prozesu honetan, XIV. mendeko hiribilduen kasuetan argi eta garbi ikus daitekeen bezala. Ondorioa izango da hiribilduek protagonismo politikoa hartzea eta herrixkak gune berri hauei lotzea (Behe Erdi Aroan zehar). Batzuk, ordea, XII-XIII. mendeko aldaketen biktima izan ziren eta denborarekin guztiz hustea edo identitate eta antolaketa politiko propioa galtzea izan zen hauen patua. 

 

Josu Etxezarraga Historian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean (Donostiako kanpusean, 2003an), eta doktoretza berriz 2017an lortu zuen tesi honen bidez “Laikotza eta bere erakundeak Gipuzkoako eraketa erlijiosoan azken Erdi Aroan (1418-1532). Hainbat ikerketa-taldetan parte hartu izanak aukera eman dio esperientzia handia hartzeko honako lan-esparru hauetan: artxiboetako ikerketetan eta indusketa arkeologikoetan. Jorratu dituen ikerketa-lerrorik nagusienek Erdi Aroa hartu dute ardatz eta, gaiei dagokienez honako hauetan zentratu da: gure lurraldeko populamenduan, antolamendu sozial eta politikoan maila lokalean eta historia erlijiosoan.