ORDIZIA, BERE AZTARNEN BILA
San Bartolome ermitan ikerketa arkeologikoa hasi da eraiki aurreko aztarnak bilatzeko
Indusketa lana hastear da Ordiziako San Bartolome ermitan. Suhar Arkeologia taldeak egingo du. Osbele (Ordiziako San Bartolome Ermitako Lagunak Elkarteak) lan taldeak bultzatu du proiektua, Ordiziako Udalarekin 750. urteurrenaren programan txertatuz. Lanen berri eman dute Joseba Aranburu ‘Ordizia 750’ urteurreneko zinegotziak, Osbeleko Ignacio Echeberria, Nerea Iraola eta David Cano kideek eta Ander Arrese Suhar Arkeologiako ordezkariak, ermitan bertan, prentsa aurrean.
Osbele lagun elkartea orain dela ia bi urte sortu zen helburu batekin: San Bartolome ermita egokitzea, txukuntzea eta ‘behar den bezala’ jartzea. Joan zen urtean hasi zen ermitaren barruko paretak eta sabaia txukuntzen eta margotzen, sarrerako atea lixatu eta bernizatzen eta teilatuko itoginak kentzen. ‘Laguntza ekonomikoa eskatu genuen eta partikularren, Ordiziako zenbait enpresa eta Udalaren aldetik ere jaso genituen ekarpen batzuk’, esan du Echeverriak.
Taldeko kide dira Gure Iragana elkarteko David Cano eta Nerea Iraola historialariak, eta ermitaren inguruan indusketa bat egitea proposatu zuten. Euren ustez, antzinako garaietan ermita gaur baino askoz handiago zen. ‘Tradizioak Ordiziako sormenaren leku izan zela dio eta dokumentazio historikoan eraikin oso garrantzitsua izan zela irudikatzen da’, esan dute.
Ordizia, herri bezala, orain dela 750 urte sortu zen ‘baina ez dakigu noizkoa den honen asentamendua eta urte haietako aztarnak seguru asko ermita honen inguruan daude kokatuak, hala esaten baitu tradizioak. Kezka hauek argitzeko asmoarekin hasi dira indusketako lanak, ea zer nolako emaitzak emango dituzten’, adierazi dute.
Ermitaren aurreko aztarnen bila
Ander Arresek, Suhar Arkeologiako ordezkariak azaldu duenez, esku-hartze arkeologiko honen helburu nagusia San Bartolome ermitaren aurretik, toki berean existitu ahal izan zen balizko eraikuntza baten aztarnak topatu, azaleratu eta datatzea izango litzateke.
Honetarako lanak bi fase eta eremu desberdinetan egingo dituzte. Lehenengo, tenpluaren barnealdean zein kanpoaldea egingo dira azterketa lanak. ‘Ikerketaren lehen fasean georradar bidezko miaketa bat egingo dugu. Teknika honek lurrazalaren azpian egon daitekeenaren irudi bat izateko aukera emango liguke, nahiz eta ez den beti batek nahi bezain garden eta argigarria izaten’, esan du Arresek. Bigarren fasean indusketa arkeologikoari ekingo diote georradarrak eskainitako informazioaz baliatuz.
Joseba Aranburu zinegotziak Osbeleren bultzada eskertu du. ‘Aspaldiko nahia zen gure historiako zati garrantzitsu honi heltzea, 750 urte hauen aurreko historiari, hain zuzen. Aurten gogoratzen ari garen urtemuga aukera paregabea izan da gure nahi hori gauzatzeko, eta Osbelek hasitako lanari jarraipena emateko’, esan du.
Beraz, ekimena Ordizia 750.urteurrenaren programan txertatu da. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundira aurkeztu zen, 4.400 euroko diru-laguntza jasoz. Kostu osoa 9.375 eurokoa da.
HELBURUAK
Barnekaldean
- Tenpluaren eraikuntza faseen hurrenkera dokumentatzea.
- 2012an egindako esku-hartzeari esker identifikaturiko hurrenkera estratigrafikoaren interpretazioa berrestea.
- 1512ko elizari zegozkion arrasto gehiago dokumentatzea.
- Orubearen bilakaera eta, ahal izango balitz, Erdi Aroko tenpluaren lerrotzea ezagutzea.
Kanpokaldean
- Egungo eraikuntzaren kanpokaldean erdi aroko tenpluaren egiturak aurkitzea eta definitzea.
- Necropolia aurkitzea.
- Tenpluaren inguruan aurki ahal izango liratekeen egituren edo aztarnen arrastoak topatzea (zanga, postezulo, pareta, fosa, material metaketak, etab.)
METODOLOGIA
- Elizaren barnealdea, oinetatik hasita 8m luzerako eta 1,5mko zabalerako zanga irekiko da. Horretarako lurreko harlosak kenduko dira, era ordenatuan, amaitzean bere lekuan jartzeko.
- Zundaketa burutuko da zanga horretan, 2012an identifikatutako betelanen azpian aurreko aztarnarik ba ote den jakiteko.
- Lan arkeologikoak amaitzean berriz ere estali egingo da, induskatutako lurrak eta erauzitako lurreko harriak bere lekura bueltatuz.
- Georadar bidezko azterketa bat egingo da tenpluaren kanpo aldean aurretiko egituren aztarnak identifikatzeko.
- Azterketa geofisikoen emaitzen argitara, interesgarri suerta daitezkeen tokietan zundaketak egingo lirateke aztarnak konfirmatu eta estratigrafikoki dokumentatuz.
- Eginiko zundaketak amaitzean ateratako lur berak estaliko lirateke, aztarnak geotextilaz estali ondoren.
- C-14 bidezko datazio bidez egitura edo aztarnen kronologia zehazteko moduko materialik topatu ezkero laginketa bat egingo da ondeoren laborategira bidali ahal izateko.
- Erregistro estratigrafikoa Harris-en sistema erabiliz egingo litzateke, Unitate Estratigrafikoak identifikatu eta definituz.
- Aurkituriko materialak, behar bezala garbitu, siglatu, inbentariatu eta Gordailu zentroan entregatuko dira.