Eskola Agenda 2030eko udal audientzia

Gaur goizean, maiatzak 18, Eskola Agenda 2030eko Udal audientzia izan dugu Ordizian. Eskola Agenda 2030ean Ordiziako Urdaneta eta Oianguren ikastetxeek parte hartu dute eta aurtengo COVID19 egoeragatik ikastetxeko partaide kopurua mugatu egin beharra izan da eta Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako 12 ikasle gerturatu dira udaletxera. Bertan, Adur Ezenarro, Ordiziako alkatearekin eta Maitane Alvarez alkateordearekin egon dira Eskola Agenda 2030aren inguruan hizketan.

Berrikuntza moduan, aurtengo ikasturtean Eskola Agenda proiektuan Agenda 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) lantzen hasi dira. Aurten martxan jarri duten proiektua “Basoa Ernatzen” proiektua izan da eta proiektu honekin 15. Garapen Jasangarriko Helburua “Lehorreko Bizitza” landu dute.

Basoa ernatzen proiektuarekin ikastetxeko egoera ikusi dute eta aztertu dituzte zein diren arazoak eta alternatibak. Herriko egoera ere aztertu dute, herriko diagnostikoa eginez. Herriko diagnostikoa gauzatzeko COVID19 egoera honek utzi dizkieten irteerak egin dituzte herriko basoetara eta inguruko basoen datuak eta informazio ezberdinak ere aztertu dituzte.

Atera dituzten ondorio esanguratsuenak:

  • Zuhaitz espezie ezberdinak ezagutu ditugu.
  • Hazi bat nola ernatzen den ikasi dugu.
  • Espero genuena baino biodibertsitate gutxiago dago basoetan.
  • Basoak ez ditugu behar bezala zaintzen, zabor asko aurkitu baitugu.
  • Moztutako zuhaitz asko aurkitu ditugu.
  • Basoak klima aldaketan laguntzen du, CO2 xurgatzen duelako.

Ikasleek gaiaren inguruan hartu dituzten konpromiso batzuk:

  • Herriko natur guneak ezagutzeko ahaleginak egingo ditugu
  • Basoak eta ingurumena errespetatuko ditugu.
  • Biodibertsitatea zaintzeaz konprometitzen gara
  • Eskola orduetan mendi ibilaldi gehiago egitea eta baso garbiketak egingo ditugu.
  • Ikastetxetik zuhaitz landaketak antolatuko dira.
  • Musukoak edota zaborra ikusten ditugunean, hauek jaso.

Udalari egindako proposamen batzuk eta Udalaren erantzunak:

1. Herriko baratzei bisita gidatuak egitea eta erakustea nola eta zer landatu daitekeen gure baratzean.

Herriko baratzetara bisita gidatuak antolatzeko arazorik ez dago. San Juan auzoan Udal baratzak ditugu eta bertako baratzekideekin harreman zuzena dugu. Baratzekide batzuekin hitz egingo dugu eta beraien batera baratzetara bisita ezberdinak antolatuko ditugu, bertan landatutako landareak ezagutzeko eta garai bakoitzean ze landare landatzen diren ikusteko.

2.Herrian dauden loreen eta zuhaitzen ondoan kartelak jarri izenekin.

Orain dela urte batzuk zuhaitzen ondoan panel identifikatzaile batzuk jarri ziren, baina gehienak edo ia denak hautsita edo desagertuta daude. Hurrengo urtean, herrian ditugun zuhaitzen azterketa egiteko asmoa dugu: enpresa bat kontratatuko dugu azterketa hau egiteko eta herrian ditugun zuhaitz espezie guztiak ezagutuko ditugu. Ideia oso ona da zuhaitz hauek identifikatzeko panelak jartzea. Parkeetan seinalizazioko panelak jarriko dira eta bertan zuhaitz espezieak ere identifikatu daitezke.

3.Baso garbiketak antolatu

Baso garbiketak antolatzea aukera ona da, esaterako, Oianguko basora astelehen goiz batetan igo gaitezke eta denen artean garbitu. Baina ez bakarrik basoko garbiketak, herriko kaleak auzolanean garbitzea ere proposatzen dugu. Astelehen goiz batetan talde ezberdinak egin eta basoa eta kalea garbitzea proposatzen dizuegu. Ados bazaudete, gurekin harremanetan jarri eta antolatzeko konpromisoa hartuko genuke.

4.Eskolekin bat, proiektuak abian jarri.

Guk eskolekin batera proiektuak martxan jarri nahi ditugu baina honetarako proiektu ezberdinak guri aurkeztea eskatzen dizuegu eta gero denak elkarlanean antolatu. Zuek eskatutako proposamenak, landaketak, garbiketak, baratzak sortu… guri eskatu eta denak elkarlanean martxan jarri behar ditugu.