Azokako pintxoak, tabernetan

Orain dela hilabete batzuk, gure herriko establezimenduetan azokako produktuen presentzia sustatu, eta eskaintza bertako eta garaiko produktuekin identifikatzeko asmoz Ordiziako Azoka Pintxoa ekimena martxan jarri genuen Ordiziako hainbat tabernetan.

Gauzak horrela, gaur, asteazkeneko azokarekin batera Kantoi tabernak eskaintzen duen pintxoa aurkeztu dugu, Ordiziako Plaza Nagusian. Azokan aurkitzen ditugun garaiko barazkiak dira pintxo berezi honen osagaiak. Kasu honetan, hauexek: Sagar dultzea, lore eztia, intxaurrak, txakolin ozpina, oliba olioa, gatza, piperra, sagarra, ardi gazta, gurina eta brick orea. Errezeta eskuragai dago www.ordiziakoazoka.eus/azokako-pintxoa atalean.

Gaur gaurkoz, Kantoi tabernaz gain, Pottoka, Hotel Ordizia, Martinez, eta Leizea dira ekimenarekin bat egin dutenak.

Afari baten zozketa

Pintxo hau kontsumitzen duten bezeroei txartel bana ematen ari zaie, eta asteazken honetan 2 pertsonentzako afariaren zozketa egingo da partaideen artean. Kasu honetan Martinez eta Leizea tabernetan afari bana zozketatuko da.