Liztor beltzaren sahiespenerako kanpaina martxan

Ordiziako Udalak, Babes Zibilaren bitartez, beste urtebetez liztor beltzaren agerpena sahiesteko kanpaina abiatu du. Apiril amaiera arte iraungo du kanpaina honek. “Iaz datu oso onak izan zituen kanpaina honek eta aurten ere, Babes Zibilarekin elkarlanean martxan jarri dugun kanpaina da hau. Gainera, bi puntu berritan kokatu dira tranpak, izan ere, leku horietan kabien agerpena identifikatu zen. Azken finean, bertako liztorra babesteko balio du esku-hartze honek eta baita herritarrak ere”, zehaztu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak.

Iaz baino bi tranpa gehiago jarri dira, guztira 12. Hemen kokatu dira: Majori, Jakintza, Okorro, Nafarroa Etorbidea, Bilordi, Garaialdenea, Hilerria, Zabale bidea, Zahar Egoitza, Skate parke ingurua, Lortec enpresako ingurua eta Mallutz-en, hain zuzen ere.

Prozedura honakoa izaten da: likido erakartzailea, ura nahastuta, jartzen da edukiontzi berezi batzuetan, eta ondoren zuhaitzetan kokatzen dira. Astean bi egunetan, gutxi gorabehera, egiten dituzte jarraipen lanak; astelehen eta ostiraletan. Hala, azaltzen diren liztor beltzak jasotzen dituzte.

Bi liztorren arteko desberdintasun nagusia da liztor beltzak marra hori bakarra duela enborrean. Bertako liztorraren kasuan, nahiz eta liztorrak handiak izan, marra hori bat baino gehiago izaten dituzte.