Intsektu saproxilikoentzako egurrezko egiturak jarri dira Oiangun

Oiangu parkearen kudeaketa jasangarria lehentasuna da Ordiziako Udalarentzat. Hala, orain hainbat urtetik elkarlanean ari da Aranzadi Zientzia elkartearekin batera. “Prozesu horretan hainbat erabaki hartu dira eta horietako bat da egur pila hauek bertan jartzea”, zehaztu du Maitane Alvarez alkateordeak.

Hain zuzen ere, eta Oianguko zuhaiztiaren egoeraren ikerketa egin ondoren (udaberria hasi aurretik) erortzeko arriskuan zeuden adarren kimaketak egin ziren. Adar horiek lodiera handikoak ziren eta usteltze prozesuan hasiak. “Ezaugarri horietako egurra da hain zuzen ere gure basoetan falta dena eta interes handiko intsektuek bere bizi-zikloa osatzeko ezinbestekoa dutena”, gehitu du Alvarezek. Horiek dira intsektu saproxilikoak: arkanbelea (Lucanus cervus), kakalardo adarluze alpetarra (Rosalia alpina) edota Osmoderma eremita esaterako. Intsektu hauek guztiak EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan barneratuta daude eta basoetako kontserbazio egoera onaren bioindikatzaile kontsideratzen dira.

“Oiangu eta bere inguruetan ikusi dira intsektu hauetako batzuk”, nabarmendu dute Aranzaditik. Egur pila hauen bitartez, batetik, Oiangun sortutako egurra Oiangun bertan geratzen da bere bizi-ziklo osoa bermatuz, bestetik, intsektu horien kontserbazioan lan egiten da bere habitataren iraupena bermatuz.