Image
Image
Ordiziako Zaintza Mahaia aurkeztu da

Gaur, Ordiziako Zaintza Mahaia osatu eta aurkeztu da. Ordiziako hainbat herritar eta eragilek osatzen dute eta 2024ko urritik, zaintza mahai hau elkarrekin osatzen aritu dira, gure herriak zaintzekiko dituen erronkei heltzeko eta zaintzak erdigunean jarriko dituen eredu komunitario bat sortzeko.

"Guk argi daukagu: denok behar ditugu zaintzak eta guztion ardura da zaintzea. Zaintzak eskubide kolektibo bat dira eta baita ardura partekatu bat ere. Egungo zaintza ereduak ez ditu asetzen gizarte gisa ditugun behar eta erronka guztiak, eta hargatik, bestelako eredu batzuk bilatzea ezinbestekoa da: komunitatean eta elkarren arteko saretzean gehiago oinarrituko den eredu bat. Ordizian, bide hau egin nahi dugula erabaki dugu eta horretarako antolatzen hasi gara", nabarmendu dute.

4 printzipio nagusi hauek bideratzen dute gure lana:

  • ELKAR ZAINDU DEZAGUN, elkarren mendeko izaki sozialak garen heinean, denok behar baitugu zainduak izatea eta besteak zaintzea. “Zaindu” eta “zaintzaile” rolen arteko etengabeko “eman eta jaso” orekatu bat bultzatzeko, zaintza eredu berri, kolektibo eta bidezkoago bat behar dugu.

  • ZAINTZAK KOMUNITATEAN emateko komunitate solidarioak eta elkartasun sareak sustatu ditzagun, bizilagunen arteko harremanak indartuz eta zaintzaren kultura kolektiboki eraikiz. Honela, zaintzak “merkatu-merkantzia” gisa ulertzeko arriskutik aldendu eta elkartasuna eta herritarren arteko saretzean oinarritutako eredu inklusiboagoak sortu ditzagun, pertsonak bere osotasunean ulertu eta artatuko dituena.

  • ZAINTZA LANEN DUINTASUNA ETA AITORTZA defendatu ditzagun, historian zehar ikusezintasunean, familiaren eta emakumeen eskuetan egon baitira, eta egun ere, zaintza lanak ez-aitortuak, feminizatuak zein arrazializatuak izaten jarraitzen baitute. Premiazkoa da zaintza lanak sozialki eta ekonomikoki aitortzea, eta profesionalen lana baloratzeaz gain, zaintzaile informalen ongizatea ere bermatzea.

  • PREBENTZIOA ARDATZ izan dezagun, bertan oinarritutako ereduek zaurgarritasuna arintzen baitute, egoera larriak saihestuz eta zaintza jasangarriago eta proaktiboago baten alde eginez. Horretarako ezinbestekoa da komunitatearen inplikazioa, tokiko baliabideen koordinazioa eta pertsonaren duintasuna erdigunean jartzen duen ikuspegi integrala.

Orain, mahaia osatzeko etapa hori amaitu eta martxan jartzeko unea iritsi zaigu. Horrez gain, Ordiziako Zaintza Mahaiaren oinarrizko talde eragilea gu garen arren, prozesuan jende gehiagok ere parte hartu du, eta epe hurbilean, herriko beste jende eta eragile batzuk ere inplikatu nahi ditugu. Honela, mahaitik bultzatu beharreko lehen ekintza batzuk identifikatu, planifikatu zein aktibatu ditugu.

Hurrengo etapan honako 3 ekintza nagusi hauek jarriko ditugu martxan:

  • Zaintzari dagokionez, herriko egoera zein den ezagutzeko Ordiziako Zaintza Diagnostikoa garatzea.
  • Komunitateari eta gaiaren bueltan mugitzen diren eragileei entzuteko zein elkar-ezagutza sustatzeko ekintzak, zaintza mahaira gerturatu eta bertan parte-hartzeko modu zein maila anitzak bilatuz.
  • Herritarrekiko informazio eta sentsibilizazio lana eginez, gure asmoa, gero eta herritar gehiago kontzientzia hartzen joatea eta pixkanaka, egiten ari garen bidera batzea litzateke.

Lan kolektibo eta komunitario honen bitartez lortuko dugu Ordizian pertsonak ardatz dituen zaintza eredu bat sustatzea, parte-hartzaileagoa eta inklusiboagoa, koordinatuagoa eta berdinzaleagoa. Herritarron inplikazioa behar-beharrezkoa dugu bide honetan aurrera egiteko. Hargatik, dei egin nahi diegu herritar guztiei antolatzen ditugun ekintzetan parte hartzera eta egiten ari garen ahalegin bateratu hau babestera.

Eragileak: Ordiziako Koordinadora Feminista, Osiñe Talde Feminista, Garagune, Ordiziako EAJ, PSEE, Bildu eta Ahal dugu/Podemos alderdiak, Ordiziako Udala, eta beste zenbait herritar. 

bot plus

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza