Image
Image
Otegieneako jolas parke berritua zabalik dago jada

Ordiziako Udalak gaur ireki du berrituta dagoen Otegieneako jolas parkea, eta bertan izan dira Adur Ezenarro alkatea eta Ainhoa Jimenez zinegotzia, egindako lanen emaitza bertatik bertara ezagutzen. Jolasen ikuskaritzak aldeko ziurtagiria eman ondoren, eremua herritarren erabilerarako ireki da gaur bertan.

Esku-hartze hau Ordiziako Udalak 2021ean osatutako Ordiziako Parke Sarea proiektu parte-hartzailearen baitan kokatzen da. Egitasmo horren helburua da herriko parke-sarea indartzea, parke bakoitzari nortasun propioa emanez eta auzo bakoitzaren ezaugarrietara egokituz. Ildo horretan, azken urteotan hainbat hobekuntza egin dira Okorroko, Barrenako eta Elefantearen parkeetan ere.

Era berean, proiektu hau 2030 Ordizia Etorkizunerantz ekintza planaren baitan ere kokatzen da, zehazki 12. helburuaren barruan (Herri orekatua, jasangarria, anitza, irisgarria eta atsegina eraiki). Helburu horren baitako 12.13 ekintzak udalerriko Parke Sarearen plangintza osatzea eta parkeak berritzeko irizpideetan oinarritutako jarduketak gauzatzea aurreikusten du, adina, belaunaldiartekotasuna, nortasuna eta azpiegiturak kontuan hartuta.

Otegieneako parke berrituak 1 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako jolas-elementu berriak ditu. Horien artean, parkearen elementu bereizgarri bihurtuko den marisorgin formako jolas egitura berria nabarmentzen da, baita egurrezko kulunka berriak eta berdegunearekin bat egiten duten zurezko jolas-elementuak ere. Era berean, egoera onean zeuden elementuak zaharberritu dira, eremu osoari irudi berritua emanez.

Adur Ezenarro alkatearen hitzetan, “Otegieneako eremu hau berezia da duen berdeguneagatik eta auzoko izaeragatik. Horregatik, espazio horren nortasuna mantenduz, haurrek naturarekin harreman estuagoa izango duten jolasgune erakargarri eta seguru bat sortu nahi izan dugu. Gainera, Parke Sarearen barruan Otegieneak bere izaera propioa izatea bilatu dugu, herriko oinezkoentzako gune ederrenetako bat are erakargarriago bihurtuz”.

Jolas guztiek Europako segurtasun araudia betetzen dute, eta elementu berrien inguruan kautxuzko segurtasun-zorua jarri da, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.

Parkearen ingurunea osatzeko, jolasgunearen ondoan atseden eta elkargune berri bat ere atondu da. Bertan bi mahai jarriko dira, bakoitza lau eserlekurekin eta mahai-jokoak integratuta dituztela. Elementu horiek datozen asteetan instalatuko dira.

Bestalde, auzoan komun publikorik ez zegoela kontuan hartuta, proiektua baliatu da komun publiko berriak jartzeko ere, parkeko erabiltzaileei ez ezik, ingurutik igarotzen diren herritarrei ere zerbitzua emateko.

Jarduketa Happyludic Playground and Urban Equipament S.L. enpresak gauzatu du. Lanen inbertsioa 84.500 eurokoa izan da. Happyludi Kopuru horretan ez da sartzen udal brigadako langileek egindako lana; izan ere, haien ardura izan dira jolasak instalatzeko beharrezko egokitzapenak, hormigoi-lanak eta komun publikoaren kokapena eta azpiegiturak prestatzea.

Parkearen eraberritzea osatzeko, irailean bigarren fase bati ekingo zaio, gaur egungo kantxa berritzeko. Jarduketa horren baitan saskibaloiko saski berri bat jarriko da, zorua berrituko da eta haurrentzako jolasak margotuko dira bertan.

Esku-hartze honekin, Ordiziako Udalak berretsi egiten du haurrei eta familiei zuzendutako aisialdi-gune seguru, erakargarri eta kalitatezkoak eskaintzeko duen konpromisoa, herriko auzo guztietan espazio publiko atsegin eta bizigarriak sustatuz.

bot plus

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza