Goiekiko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketak sari banaketa ekitaldia gauzatu du Goiekiko auditorioan, Ordizian. Aurtengo edizioarekin, Lehiaketak 29 urteko ibilbidea bete du. Ekitaldira, Udalak, Enpresa Babesleak, Irabazleak eta eskualdeko beste hainbat eragile gerturatu dira.
Adur Ezenarrok, Goiekiko presidenteak, ireki du ekitaldia eta jarraian, Maialen Sanchezek, Goiekiko Ekintzailetza arloko arduradunak, hitza eman eta gero, ORKLI kooperatibako lehendakariak, Axier Lekuonak, hitzaldi bat eskainu du: “Orkli, txapeldunaren erronka” izenekoa.

XXIX. SARI BANAKETA
Hitzaldiaren ostean, Enpresa Ekimen Berrien XXIX. Sariketari ekin zaio. Goierri bailaran ekintzailetza eta enpresa ekimen berrien sorrera bultzatzeko sortu zen sariketa hau eta urte guzti hauetan zehar hainbat enpresa eta ekintzaile saritu ondoren, aurtengoan ere eskualdeko enplegua eta aberastasuna sustatzen dihardugu.
XXIX. Ekitaldi honetan, aurreko urteetan egin den bezala, 3 kategoria egon dira eskuragarri ekintzaileek euren proiektuak aurkezteko:
1. Enpresa Ekimen Berriko Proiektu onena. Sustatzailearen irudia bultzatu eta bailaran lana eta aberastasuna sortzea, proiektu berritzaile, sendo eta bideragarri baten bitartez.
2. Enpresan Buruturiko Proiektu berritzaile onena. Eskualdeko enpresa txiki eta ertainetako produktu, prozesu, merkatu, antolakuntzan, etab. berrikuntza sustatu.
3. Ekintzailetzaren bitartez gizarte inklusio proiektu onena. Lan munduan txertatzeko zailtasunak eta gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonen ahaleginak balioztatu eta ekintzailetzaren bitartez lan munduan txertatzeko bultzakada eman.
Aurtengo enpresa babesleak, Irizar, Ampo, Goilan Fundazioa, Goierri Beheko Industrialdea, Tacticco, Orkli, Arcelor Mittal, Hine, Nippon Sanso, Gitb, Hitza, Aluminox, Arri, Ederfil Becker, Ezarri, Suministros Industriales Gamesa, Goilaser, GH, Jaso Industrial Cranes, Biok eta EUN izan dira.
Lehiaketaren aurtengo edizioan 11 proiektu aurkeztu dira guztira, kategoria desberdinetan banatuta. Epaimahaiak hautagaitza guztiak aztertu eta baloratu ondoren, haien berrikuntza-maila, bideragarritasuna eta inpaktua kontuan hartuta, edizio honetako proiektu irabazleak aukeratu ditu. Hauek izan dira sarituak:
• ENPRESA EKIMEN BERRIKO PROIEKTU ONENA: • Saria, 6.000€, ITEGAN enpresarentzat izan da.
• ENPRESAN BURUTURIKO PROIEKTU BERRITZAILE ONENA: • Saria, 2.000€, FUNDICIONES DEL ESTANDA, S.A enpresarentzat izan da.
• EKINTZAILETZAREN BITARTEZ GIZARTE INKLUSIO PROIEKTU ONENA: • Saria, 2.000€, BRENDA AQUINO NAILS -rentzat izan da.
Enpresa Ekimen Berriko proiektu onenaren saria ITEGAN enpresarentzat izan da. Proiektu honen atzean dagoen pertsona Aitor Garmendia da. Lazkaon egoitza duen enpresa-ekimen honek industria-enpresen egunerokotasuna sinplifikatzea du helburu, adimen artifizialean oinarritutako soluzio berritzaileen bidez. Besteak beste, normalean eskuz egiten diren zereginak automatizatzen ditu, hala nola eskaeren kudeaketa eta baliozkotzea, akatsak murriztu, denbora aurreztu eta eraginkortasuna hobetzeko. Horrez gain, enpresa bakoitzaren behar espezifikoetara egokitutako soluzio teknologikoak garatzen ditu, berrikuntza eta aplikazio praktikoa uztartuz, baita eskualdean hazteko eta enplegua sortzeko potentzial handia ere.
Bigarren kategoriako saria, Enpresan Buruturiko Proiektu Berritzaile Onena, FUNDICIONES DEL ESTANDA, S.A. enpresarentzat izan da. Enpresak altzairuzko galdaketako piezen bizarrak kentzeko prozesua automatizatzeko proiektu berritzaile bat garatu du. Ekimenaren abiapuntua lan horrek langileengan eragiten zuen lan-karga fisiko handia eta segurtasun-arriskuak izan dira, hala nola zarata, bibrazioak, hautsa eta jarrera behartuak. Horri aurre egiteko, enpresak zelula robotizatu bat ezarri du, robot industrial baten bidez bizarrak kentzeko lana modu automatizatuan egiteko. Horrela, langileen lan-baldintzak nabarmen hobetu eta prozesuaren segurtasuna handitzea lortu du. Hirugarren kategoriako saria, Ekintzailetzaren Bitartez Gizarte Inklusio Proiektu Onena, Brenda Aquino Nails ekimenarentzat eta bere sustatzailea den Ataungo emakume ekintzailearentzat izan da.
Kategoria honen bitartez, gizarte-kohesioa hobetu eta zailtasun-egoeran dauden pertsonen egoera hobetzea bilatzen da, ekintzailetza eta tokiko garapena sustatuz.
Brenda Aquino Nails Lazkaon kokatzen den edertasun eta ongizate zentroa da. Estetikaren eta norberaren zaintzaren arloan urteetako esperientzia izan ondoren, sustatzaileak bere jarduera sendotu eta profesionalizatzeko apustua egin du. Proiektua arreta hurbil, espezializatu eta pertsonalizatuan oinarritzen da, inguruan dagoen eskaerari erantzunez. Gainera, hazkunde progresiboa aurreikusten du, etorkizunean zerbitzuak zabaltzeko eta enplegua sortzeko aukera eskainiz.