ORDIZIAN ERE, GURE ESKU DAGO

2014-03-19 gureskudago Herritar talde batek Ordizian egingo diren ekitaldiak aurkeztu ditu. Larunbatean, mosaiko erraldoia egingo da Barrenako parkean

Ekainaren 8an giza kate erraldoi bat egingo da Durango eta Iruñea artean erabakitzeko eskubidearen alde. Guztira 123 kilometro dira. Ordiziak Ormaiztegi eta Beasain artean izango du bere tartea, eta gutxienez 240 herritar behar dira tarte hori osatzeko. Ordizian ere osatu da ekimen horri babesa emango dion taldea, eta hainbat ekimen iragarri ditu datozen asteetarako. Aurrenekoa larunbat honetan, hilak 22, izango da, mosaiko erraldoia egingo baita Barrenako parkean.

Gure esku dago ekimenaren aterkipean izaera, pentsaera eta hainbat arlotako ordiziarrak elkartu dira. Erabakitzeko eskubidea aldarrikapen politikoen aurreko printzipio eta eskubide demokratikoa dela uste dute, eta ezberdintasunak alde batera utzita, herritarrak batzeko oinarrizko eskubideen alde egiteko konpromisoa hartu dute. Bide horretan, honako ekimenak antolatu dituzte:

-Martxoak 22, larunbata, 12:00etan: Mosaiko jendetsua Barrena parkean, Hizkuntz Eskolaren aurrean. Gure esku dago dinamikari babesa adierazteko ekimena da.

-Apirilak 4, ostirala, 20:00etan: Jaialdia Plaza Nagusian. Musika, dantza, bertsoak, haurrentzako jokoak...

Horrez gain, mahaiak jarriko dituzte herritarrek giza katerako izena emateko eta metroa erosteko, larunbatean 19:00etan eta igandean 12:00etan.

Gure Esku dago ekimenaren bideoa ikusteko, sakatu hemen.