Koronabirusaren harira hartutako neurriak

Koronabirusa

COVID-19 koronabirusaren hedapena ekiditeko asmoz eta Osasun sailak, Osakidetzak eta Hezkuntza sailak azken orduetan eman dituzten gomendioei jarraituz, honako erabakia hartu du Udalak eta hainbat eraikin eta zerbitzu itxita egongo dira 15 egunez: martxoaren 13tik 27ra.

Hain zuzen ere, Barrena kultur etxea (liburutegia, Musika Eskola...), Gaztelekua, D´elikatuz zentroa, Herri Antzokia, Majori Kiroldegia, Alotza, Zuhaizti, Mondragon Unibertsitatea, Goierri Eskola, frontoia, Dorrea, Altamirako zelaia eta Hizkuntza eskola itxita egongo dira. Era berean, asteburuko ekintzak bertan behera geldituko dira. Bestalde, haur parkeak prezintatu egingo dira.

ZABALIK EGONGO DIRA:

  • Udaletxea. (Langileentzako soilik)
  • Herritarren Harreta Zerbitzua.
  • Udaltzaingoa.
  • Ongizate zerbitzua

Babes neurri gisa hartutako erabakia da hau; herritarrak babesteko helburua du. Horregatik, jende pilaketak ematen diren espazioetara ez joateko gomendioa egiten du Ordiziako Udalak, eta Koronabirusaren hedapena sahiesteko gomendioak betetzeko deia egin du Udalak:

  1. Sarri garbitu eskuak urarekin eta xaboiarekin: mukiak kendu edo doministiku edo eztul egin ondoren; komunera joan ondoren; elikagaiak jan edo manipulatu aurretik; animaliekin kontaktua izan ondoren; gaixo dagoen norbait artatu aurretik eta ondoren; edota esku zikinak dituzun guztietan.
  2. Eztul edo doministiku egitean ahoa estali  besaurrearekin edo mukizapi batekin.
  3. Erabili eta botatzeko mukizapiak erabili, eta, ondoren, zakarrontzira bota.
  4. Arnas-sintomaren bat izanez gero eta arrisku-eremu batera bidaiatu baduzu, etxean geratu eta deitu 900 20 30 50.