Artzain eguna, bertan behera

Artzain Eguna

Ordiziako Udalak jakinarazten du, apirilaren 15ean ospatzekoa zen Artzain Eguneko azoka berezia bertan behera gelditzen dela. COVID-19 pandemiak eragin duen Alarma Egoera indarran dagoenez, eta egoera honen luzapena noiz artekoa izango den jakin gabe, ezinezkoa da segurtasun neurriak bermatu ahal izatea, eta, beraz, ez egitea erabaki da.

Ordiziako Udalarentzat lehentasuna herritarren eta kanpotik etortzen diren bisitarien segurtasunean dago. Birusaren hedapena mugatzea ezinbestekoa bihurtu da eta horretarako aglomerazioak ekidin behar dira.

Artzain Eguneko azoka berezia pazko astean ez bada ospatzen, ezinezkoa da atzeratzea, aste santuko oporralditik kanpoko asteazken arrunt batean antolatzea oso zaila litzatekeelako.

Artzain Eguna ekitaldi garrantzitsua da Ordiziako Udalarentzat, izan ere, bertan lehen sektorearekin lotutako ekoizleak elkartzen dira udalerrian eta Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpena ere egiten da. Hain zuzen, urteko gazta berriaren mozketa egiten da Udaletxeko batzar aretoan. Horrez gain, eguneko ekitaldirik ikusgarriena artaldeak kale Nagusitik igarotzen ikustea izaten da, udaberriko mendilerroetara igoera irudikatuz. Bestalde, animaliak ere ikusgai jartzen dira herriko hainbat gunetan, eta Garagartza plazan arkumea burduntzian dastatzeko aukera egoten da.

Gaztaren mozketari dagokionez, salbuespen egoera honen amaiera noiz etorriko den ezagutu gabe, oso zaila da data berri bat aurreikustea. Alabaina, Ordiziako Udalaren asmoa da posible den bezain laster ekitaldi hori burutzea.