Trukegunea eten egingo da

Trukegunea 1

Objektuen berrerabilpenaren beharrezkotasun eta garrantziari helduz, Kutxa Ekoguneak sortu eta bultzatzen duen trukegune sarera batu zen azaroaren 20an Ordiziako Udala. COVID-19 birusagatik etenda gelditu da zerbitzu hau, eta segurtasun neurriengatik kendu egin da Udaletxeko arkupean zegoen apalategia. Ordiziako alkateordeak, Maitane Alvarezek, nabarmendu du orain arte egitasmo honek izan duen ibilbidea: “ordiziarren erantzuna oso ona izan da, eta asko izan dira Trukegunea erabili dutenak, bai gauzak uzbeko edo hartzeko. Benetan pozgarria da hori eta eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei partehartzeagatik eta etorkizunean egitasmoarekin jarraituz gero gunea erabiltzen jarraitzeko deia egin nahiko nuke”. Hala ere, egoera honek bultzatuta, bertan behera gelditu behar izan dela agertu du: “herritarren segurtasuna bermatzea bihurtu da lehentasun, eta horregatik zeuden gauza guztiak jaso egin ditugu. Egoera hau amaitzen denean berriz ere martxan jartzeko asmoa daukagu, izan ere, gauzen berrerabilpena funtsezkoa da”.

Hasiera batean urtarrilaren 7an amaitzekoa zen Trukegunea, baina izan zuen arrakasta ikusita, ekimenari eustea erabaki zuen Udal Gobernuak. Hala baloratu zuen Alvarezek: “

Askok eman diote etxean erabili gabe zituzten objektuei bigarren bizia, erabilpen bat emateko hautua egin dutenak”. Orain arte arkupean egokitutako gunea liburuz, diskoz, eta etxeko apaingarriez beteta egon izan da.

Trukegunearen kontzeptua Alemanian hasi zen "GiveBox" mugimenduaren izenpean. Hauek kalean jartzen diren guneak dira, erabilera librekoak. Objektuen trantsizio eta zaintza espazio bat da, non objektuak jabetza librekoak bihurtzen diren. Objektuari balioa edo erabilera begira dagoenak emango dio, eta horren arabera trukatu. "Bertan, erabiltzen ez diren objektu zehatz batzuk utz eta hartu daitezke, beti ere, beste pertsona batek berrerabiltzeko moduan dauden bitartean. Ez da beharrezkoa zerbait uztea bertatik gauzaren bat hartu ahal izateko", azaldu zuen alkateordeak.