Ordiziako Udal Gobernuaren oharra COVID-19 birusaren inguruko argitaratutako azken datuen arabera

Ordizia zaharren egoitza

Egunotan Eusko Jaurlaritzak ateratzen dituen estatistiken zain zaudete ordiziar asko, herriko egoeraren berri izateko. Egia esan, egindako proben araberako emaitzak jasotzen dira, eta behar adina probarik ez bada egiten, horrek ez du islarik emaitza horietan. Egia da baita ere, egun batetik bestela sekulako jauzia eman dela Ordiziako positiboetan, eta hori proba gehiago egin direlako izan da, hain zuzen ere San Jose egoitzan. Aurretik adierazi genuen egoitzan egoera larria zela, Covid-19 positiboak dagoeneko antzeman zirelako, eta tamalez foku hori da herriko emaitzetan eragin zuzena duena.

Ordiziako San Jose egoitza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari atxikita dagoen Kabia organismo autonomoaren esku dago. Herenegun egoiliar guztiei egin zitzaizkien proba azkarrak, sintomak izan hala ez, eta emaitzak atzo jaso ziren. 37 positibo, 15 negatibo, eta aurretik Donostiako Gurutze Gorrira bideratu ziren beste bi positibo. Atzo bertan beste lau egoiliar bideratu ziren Donostiako Gurutze Gorrira.

Langile guztiei oraindik ez zaizkie probak egin, baina 13 positibo egon dira orain arte, eta kontratazio berriak burutu dira bajan dauden langileak ordezkatzeko.

Esan bezala, egoera larria da, eta horregatik Ordiziako Udal Gobernutik honakoa exijitzen dugu:

1.- Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Kabiari beharrezko diren baliabide guztiak jar ditzala San Jose egoitzan bizi den egoerari aurre egiteko. Pertsonal aldetik, langileen atsedena bermatu eta egoiliarrek artatzeko behar adina langile egon daitezen. Material aldetik, langileek lanerako babes neurri guztiak eskura izan ditzatela.

2.- Osakidetzari, egoitzan etxeko ospitalizazio egoeran dauden positibo kopurua ikusita, bertako langileei izaera sanitarioa aitor diezaiela, eta kasu horietarako babes material berezia bana diezaiela.

Era berean, egoitzan lanean diharduten pertsona guztiei gure babesa eskaini nahi diegu, eta euren eskura jarri ditugu gaur egun itxita dagoen eguneko zentroa, eta beste 3 larrialdi etxebizitza, etxera itzuli nahi ez duten langileak bertan geratzeko aukera izan dezaten.

Suhiltzaileak eskertzen ditugu egoitza barnealdean burutzen ari diren desinfekzio lanengatik, eta udal langileei egunero egoitzaren kanpoan egiten dituztenengatik.

Bukatzeko, egoitzan senideren bat duten familia guztiei besarkada eta elkartasunik handiena helarazten diegu.