1.630 maskara banatu ditu Ordiziako Udalak

 

Herritarren ongizatea eta segurtasuna bermatze bidean, Ordiziako Udalak 1.630 maskara banatu ditu 70 urtetik gorako herritarrentzat. Etxebizitza bakoitzera bidali dira maskara hauek, garbitasun eta segurtasun neurriak mantenduz unero.

COVID-19ak eragindako pandemia hasi zenetik Udalak gertutik jarraitu du herriko adinekoen egoera. Horren adibide da Udaletik egin dituzten deiak eta abian jarritako boluntario sarea. Hain zuzen, 70 urtetik gorako pertsonekin kontaktu zuzenean daude Ongizate Saileko langileak, haien beharrak kudeatzeko eta egoera zaila izanda ere, ahalik eta eramangarriena izan dadin.

Boluntario sarea

Pandemia hasi zen garaitik Ordiziako Udalak boluntario sarea jarri zuen martxan. Izugarrizko harrera ona izan zuen deialdiak eta hilabete hauetan boluntarioek erosketak egin dizkie hala eskatzen zuten adineko pertsonei. “Oso eskertuta gaude sortu dugun boluntario sare honekin”, azaldu du Maitane Alvarez, alkateordeak.

Hain zuzen ere, 63 boluntario egon dira aktibo, adinekoei telefonoz deiak egiten. Nahiz eta adineko batzuk ez duten behar izan erosketak egiteko zerbitzua, jarraipena egin nahi izan zaie haien egoeraren berri izateko.

Bestalde, 26 boluntario aritu dira erosketak egiten. Horietatik, gaur egun hiru pertsonak amaitutzat eman dute boluntarioen jarduera, adinekoek ez dutela zerbitzuaren beharra, hala jakinarazi dute. Faseak gainditu ahala, geroz eta jende gehiago ateratzen hasi da kalera eta adinekoak haien kabuz egiten ari dira erosketak. Hala ere, azken hauek ere oso eskertuta azaldu dira boluntarioak egin duten jarraipenagatik.