Europako Hondakinen murrizketa astearekin bat egin du Ordiziak
Ordiziako Udalak, aurten ere, ingurumenarekiko errespetua eta iraunkortasunaren kultura dinamizatzeko eta sentsibilizatzeko helburuarekin 2023ko azaroaren 16tik 26ra ospatuko den Europako hondakinen murrizketa astearekin bat egingo du. “Oso garrantzitsua da bizi garen momentuan neurriak hartzea, bai hondakin gutxiago sortzeko, baita sortzen dugunari bigarren bizi bat emateko ere. Horregatik, hainbat ekintza jarriko ditugu martxan”, nabarmendu du Maitane Alvarez, alkateordeak.
Hondakinen murrizketako aste hau Gipuzkoako Klima 2050 estrategian zehazten den “Hiri-hondakinen sorrera murriztu eta zero isurpen lortzea trataerarik gabe” helburua eta Gipuzkoako Hiri Hondakinak kudeatzeko 2019-2030 plan orokorrean zehazten den Prebentzioko jarduerekin bat dator.
Gainera, Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuei dagokionez (17 helburu dira) 12. helburua “Kontsumo eta ekoizpen arduratsuak” garatzen du baita zeharka 10. helburua “Herrialdeen arteko ezberdintasunak murriztea” eta noski, 13. helburua “Klimaren aldeko ekintza” ere.
Ordiziako gaikako bilketa tasa % 77koa da gaur egun eta errefusara %33a joaten da, hau da, balorizazio energetikoko plantara. Helburua errefusa gutxitzea denez, gaikako bilketa handitzeko hainbat ekimen antolatuko dira.
Oria ibaia eta Mariarats erreken garbiketa
(Ordiziako Agenda 2030eko 21.9 ekintza)
2 astez 1,8 tona zabor atera da Ordiziako Oria ibaia eta Mariarats errekatik. Aurten Amundarain errekaren garbiketa Gipuzkoako Foru Aldundiak egin du, eta horren ordez landare inbaditzaileen inguruko azterketa egin da aurten, eta besteak beste, Helianthus Maximiliani, Buddleja Davidii eta Fallopia Japonica, landare inbaditzaileen eskuhartzea egin da. Horretarako herbizida sistemiko bat erabili da, eta bustitzen diren landareak soilik erasotzen dira, inguruan daudenak errespetatuz. Garbiketako zaborra sailkatu egin da eta ondorengo datuak izan ditugu:
- Plastikoa: % 60
- Txatarra: % 30
- Errefusa: % 10
Auzokonpostaren informazioa
Ordiziako Udalak auzo-konpostaren aldeko apustu bat egiten ari da materia organikoarekin konposta egiteak onurak besterik ez dituelako eta auzo-konposta herrian zabaltzeko kanpaina bat antolatu du.
“Materia organikoaren zikloa ixten dugu, lurretik ateratako elikagaiak lurrari itzuliz. Konposta kalitate handiko ongarri naturala da lurzoruarentzat oso onuragarria. Konposta egiten badugu, kutsadura murrizten dugu hondakin horiek garraiatzearen ondorioz sortutako gasak gutxitzen ditugulako”, gehitu du Alvarezek.
Hain zuzen ere, bataz beste sortzen ditugun hondakinen %40a materia organikoa da. Hauek sortutako tokian bertan tratatzen baditugu, ez da beharrezkoa hauek garraiatzea eta hauek tratatzeko planta garestirik eraikitzea, hondakinen bilketa zerbitzuan eta tratamenduan gastuak gutxituz. Hala, hiru puntu berritu eta jarriko ditu martxan:
- Eskarabillako puntua
- Araba parkeko puntua
- Bilordi parkeko puntua
Auzo-konposta herritarren artean bultzatzeko eta partehartzaileak erakartzeko kanpaina bat garatuko du. Galemys enpresa kontratatu da kanpaina hau martxan jartzeko. Kanpaina honetan informazio stand bat jarriko da eta bertan auzo-konpostaren prozesua azalduko da, galderak erantzungo dira eta informazioa nahi dutenen kontaktuak bilduko dira.
Informazio stand-a ondorengo egun eta lekuetan egongo da kokatuta:
- Azaroak 22, asteazkena, 10:00etatik 13:00etara Jakes eraikinaren aurreko aldean.
- Azaroak 24, ostirala, 17:00etatik 20:00tara udaletxeko arkupean edo plazan. Haurrak konposta egiteko prozesuan trebatzeko haurrentzat jolasak antolatuko dira.
- Azaroak 28, asteartea, 10:00etatik 13:00etara.
Kafe kapsulak birziklatzeko 8 puntu berri
Hondakinen prebentzio astearen baitan Ordizian kafe kapsulak biltzeko zortzi puntu berri jarri dira, orohar olio eta erabilitako arropa jasotzeko edukiontzien ondoan: Filipinak kalea, 34-36; Joseba Rezola Pasealekuan (RENFE parean), Santa Amalia Kalea 8 (Eroski City), Nafarroa Etorbidea 3 (Buztuntza), Floreaga kalea-Otatza bidea (San Juan auzoa); Kale Berria (Joseba Rezola kalearekin bidegurutzean), Arana Kalea / Victor Mendizabal kalea eta Zumalakarregi Etorbidea (Altamira Estadioa) guneetan.
Aluminiozko eta plastikozko kapsulak bota daitezke edukiontzietara, baina hustu gabe, hau da, erabili ostean bere horretan bota behar dira. Kapsuletako kafe hondarra ongarria egiteko erabiliko da gero, eta plastikoa eta aluminioa, edukiontziak edo hiri altzariak egiteko.
Honekin zer lortzen dugu:
- Kafe hondarrarekin substratua egiten da landaregintzarako.
- Plastikozko edo aluminiozko kapsulak birrindu, urtu eta hiri-altzariak edo edukiontziak egiteko materiala sortzen da.
Plastikozko tapoiak berrerabiliz
Etxean ditugun tapoiak berrerabiliz kalean jartzeko bankuak, piknik-mahaiak eta koadernoak egin dira. 7 bilketa puntu izan ditugu eta bertan tapoiak jaso ondoren Udal langileek bildu dituzte eta Ordiziako enpresa batetara eman dituzte. “Guztira 100 kilo tapoi bildu dira, hain zuzen ere, 85.000 tapoi. Horiek berrerabiliz, kalean jartzeko 4 banku, 2 piknik-mahai eta 20 koaderno egin dira. Sortutako bankuak San Bartolomen jarri dira, eta piknik mahaiak, berriz, San Juan auzoan”, amaitu du.