Image
Image

Ordiziako Energia Planak 2030erako helburuak zehaztu ditu

Ordiziako Energia Planak 2030erako helburuak zehaztu ditu

Ordiziako Udalak herriko Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko plana onartu du. Herriko eragileekin elkarkanean, klima neutraltasuna lortzea eta erresilientzia handitzea dira planaren helburu nagusiak. Abenduaren 26an egin zen azken osoko bilkuran onartu zen plana, eta bertan 2030era arteko ibilbide-orria eta helburuak zehazten dira. Horietako batzuk dira, adibidez, udalaren energia kontsumoa murriztea, CO2 emisioak jaistea edota autokontsumora bideratutako energia berriztagarrien ekoizpena handitzea.

Era berean, udalak udalerriko energia-eraginkortasuna sustatu nahi du, berotegi-efektuko gasak arintzeko asmoz etxebizitza, ekonomia-jarduera, mugikortasuna eta lehen sektore eta elikaduran energia-aurreztuz eta autokontsumorako energia berriztagarrien erabilera bultzatuz. Halaber, udal ekipamenduen energia-eraginkortasuna eta aurrezpena bultzatu nahi ditu, herriko sektore ezberdinen aurrean eredugarri izateko.

Klima-aldaketaren aurrean Ordizia erresiliente bihurtu nahi da lurralde, natura-ingurune, lehen sektore eta arriskuen ikuspegitik, gerta litezkeen uholde arrisku eta lehorte inpaktuetara egokituz eta herritarren osasuna eta segurtasuna bermatuz. Hori guztia trantsizio ekosozialaren aldeko pauso irmoak emanez herritarrekin eta sektore ezberdinekin elkarlanean.

Maitane Alvarez alkateordeak azaldu duenez, Energia Plana "adostasun giro batean" egin da. "Partehartze prozesu bat egin da, herriko eragileekin, herritarrekin eta ikastetxeetako ikasleei elkarrizketak egin zaizkie. Udal batzordeetatik ere pasa da eta udalbatzak aho batez onartu du". Planean zehazten diren helburuak "exigenteak" direla gogorarazi du, baina baita "bide onean" doazela ere. "Gauza batzuk martxan daude dagoeneko, plaka fotoboltaikoak jarri dira udal biltegian, Majorin eta plazako sabaian, baina egia da helburuetara iristeko oraindik lan asko egin behar dela".

Laia ingurumen zerbitzuko Rosa Aurkiak, planaren helburu nagusia "energia kontsumoa murriztu eta klima aldaketari aurre" egitea dela gogorarazi du. Bide horretan, hainbat neurri hartzen ari dira eta hartuko dira aurrerantzean, hala nola: "kaleko argiteri aldatzen led-era aldatzea, plaka fotoboltaikoak jartzea, berdeguneei indarra ematea edota energia kontsumoaren murrizpena bultzatzea". Herriko berdegune edo arnasguneak bultzatu eta berriak identifikatu nahi dira, eta auto elektrikoen karga gune gehiago jartzea ere aurreikusten dute, besteak beste.

Ekintza-planaren bidez, besteak beste, honako helburuak lortu nahi dira:

2030 urterako helburuak:

  • Energiaren udal kontsumoan gutxienez % 35eko aurrezpena.
  • Autokontsumora bideratutako energia berriztagarrien ekoizpena gutxienez % 32ra heltzea. Energia berriztagarrien instalazioak kontsumituko diren eremutik ahalik eta gertuen kokatzea lehenetsiko da.
  • CO2 emisioak % 30 jaistea.

2050 urterako:

  • Energiaren udal kontsumoan % 60ko gutxieneko aurrezpen-energetikoa.

 

 

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza