Image
Image

Natur Eskola, Altamirako eskola zaharrean

Natur Eskola, Altamirako eskola zaharrean

Udaberri honetan, bederatzigarren urtez egingo da Oiangu Natur Eskola. Apirila eta maiatzean zehar Ordiziako ikastetxeetako 500 haur inguruk parte hartuko dute. Aurtengo Natur Eskola apirilaren 1ean hasi eta maiatzaren 28an amaituko da.

Oiangun obrak daudenez, Oiangu Natur Eskola Oiangun bertan ezin da egin eta aurten, Ordiziako Udalak ekimena bertan behera utzi beharrean beste kokapen batetan egitea erabaki du. Oiangu Natur Eskola Altamirako eskola zaharrean eta eskolarekin muga egiten duen parkean garatuko da.

Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak sortu zuen proiektu hau 2017an, eta, ordutik gaur arte Ordiziako Udalak finantzatzen du. Horri esker, urtez urte, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloko haurrek Ordiziako naturari buruz ikasteko aukera paregabea dute parke aberats eta zabal batean.

Anais Mitxelena Aranzadiko kideak azaldu duenez, aurten aldaketa batzuk egin badituzte ere, “Natur Eskolak ezpiritu berdinari eutsiko dio, mendian ibiliko gara, mendian jolastuko dugu, zikinduko gara, ondo pasa eta asko ikasiko dugu bertako naturari buruz”. Egunotako eguraldi ona aprobetxatuz, txangoak egingo dituzte, “geldialdi ezberdinak egingo ditugu eta bertan proba ezberdinak egingo dituzte ikasleek”.

Maitane Alvarez Zerbitzu, garapen ekonomiko eta trantsizio ekologikorako zinegotziak berriz, ekimen honen garrantzia eta haurrei zabaltzen dizkien baloreak ikusita, aurten ere mantentzea erabaki dutela azaldu du. “Oianguko lanak direla eta, aurten zailagoa egiten zen bertan egitea, azpiegiturak ezin zirelako erabili, baina mantendu egin nahi genuen eta hona, Altamirako eskola zaharrera ekarri dugu. Erronka bat izan da, Aranzadi ere egoera berri honetara egokitu behar izan delako. Data batzuk eta ordutegia aldatu behar izan ditugu, goizez bakarrik izango da, baina dena den, iritsiko gara urtero bezala, 2. eta 3. zikloko herriko bi ikastetxeetako ikasleengana, guztira 500 bat ikasle, baina txanda bakoitzean gehienez 25 bat haur egoten dira, Aranzadiko begiraleekin eta irakasleekin batera”. Egitasmo honen helburua, “ikasleak naturara urbiltzea, naturaz gozatzea eta bertan ikastea” dela azaldu du, baita “haurrei barrenetik ateratzeko aukera bat” ematea, eta “inguruan dugun biodibertsitatea ezagutzeko aukera” ematea ere.

Ekintzak aire zabalean burutzea lehenesten da beti eta erabiltzen den materiala minimora murrizten da. Horiek talde txikitan egiten dira eta haurrak dira jarduera horien protagonista eta gidari. Orokorrean, ekintza guztiek eskatzen dute, naturari behatzea, naturari buruz hausnartzea eta elkarlana. Gizartean, hezkuntzan eta baita Oiangu Natur Eskolan ezinbestekoa da gizabanakoen ahalmen eta behar guztiak kontuan hartzea eta horiek asetzeko arreta berezia ipintzen da Eskola honetan.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza