ASTELEHENEAN HASIKO DA AURREKONTUETAN PARTE-HARTZEKO PROZESUA

Ekarpenak egiteko galdeketa erantzun ahal izango da, paperean edo internet bidez

Ordiziako Udalak partaidetza prozesua burutuko du datozen bi asteetan 2016eko aurrekontuak prestatzeko.  Hala, herritarren parte-hartzea eskatu du inbertsioei dagokien zatia non eta nola gastatu erabakitzen laguntzeko. Ekarpenak egiteko aukera desberdinak daude.

Jose Miguel Santamaria alkateak eta Joxi Iturrioz Ogasuneko arduradunak, eta Iñaki Dubreuil zinegotziek ekimena aurkeztu dute parte-hartzera animatuz. ‘Aktiboki parte hartzeko apustu zintzoa da, herritar guztiei zuzendua, ordiziar guztien iritzia ezagutzea funtsezkoa dela uste dugulako. Horregatik parte hartzeko dei egiten dugu’, esan dute. ‘Herritar askorentzat bileretara edo bestelako foroetara joatea zaila izan daiteke, horregatik ekarpenak jaso eta ordiziarrei entzuteko kontaktu zuzena eragingo dugu’, iragarri dute.

Udal arduradunei ekarpenak eta iradokizunak egiteko erabili daitezkeen partaidetza-bideak ondorengoak dira: paperezko galdetegia, postontzietan banatu eta datorren astean kalean ipiniko den karpan egongo dena, eta udaleko webgunea, galdetegi berarekinhttp://www.ordizia.eus/aurrekontu-galdeketa, helbidean.

Galdetegia laburra, irekia eta betetzeko erraza da. Paperean egitea hautatzen bada, hauetako leku batean entregatu beharko da: kaleko karpan, Udal arreta bulegoan, Udaltzaingoan edota Majori kiroldegian.

 

Karpa kalean

Buruz-buruko harreman zuzena izateko jarriko den karpa puntu eta ordutegi hauetan egongo da datorren astean: 

Hilak 15, astelehena: Altamira,  10:30etatik 13:30etara eta 16:30-19:30

Hilak 16, asteartea: Otegi-enea  / Majori,  10:30-13:30 eta 16:30-19:30

Hilak 17, asteazkena: erdigunea  (Barretxe) 10:30-13:30 eta  San Joan 16:30-19:30

Hilak 18, osteguna: Buztuntza Plaza,  10:30-13:30 eta 16:30-19:30

Hilak 19, ostirala: San Joan  10:30-13:30 eta Udaletxeko arkupea 16:30-19:30

 

Galdetegia paperean aurkezteko azkeneko eguna ere otsailaren 26a izango da. Webgunean betetzeko epea 28ra arte luzatuko da.

Paperean prestatutako dokumentuak informazio gehigarria du. Hala, 2016rako aurreikusitako diru-sarreren jatorria eta 2015eko gastu nagusien laburpenak eskaini dira.  Udalaren arlo ekonomikoak egindako diru-sarreren aurreikuspenak udal tasa eta zergen izozketa du abiapuntu, salbuespenak salbuespen.  2015eko antzeko mailan dago, eta horrek gastuaren arrazionalizazio eta lehentasunen politika aplikatzera behartzen du Udala, baliabideak herritarrentzako lehentasunezkoak diren ekimenetara bideratuz. 

Edonola ere, Udal arduradunek hainbat gai kontutan hartu nahi dituzte.  Hala, Gizarte Ongizatera bideratutako baliabideak inor alboan ez uzteko erabiltzea; auzo gehienak hobetzeko obrak egitea;  Kultur, kirol eta bestelako jarduera guztiak mantentzen jarraitzea; eta  

eraginkorrak eta arduratsuak izatea, etorkizuneko gastu arruntean ahalik eta inpaktu txikiena eragingo duten inbertsioak eginez. 

Era berean, hainbat konpromiso hartu dituzte. Esate baterako, jasotako ideia/proposamen guztiei erantzutea; zehaztutako mugekin bat egiten duten ideia guztiak aurtengo aurrekontuetan sartzeko ahalegina egitea eta  hurrengo ekitaldietan aurten sartzen ez diren ideia on guztiak aurreikustea.

Aurrekontuei dagokionez, legealdiko lehenengo ahalegina da eta esfortzu berezia egin da kontuak orekatzeko. Udal tasak onartzea izan zen lehenengo pausoa.  Abenduan  zirriborroak 142.000 euroko defizita zuen. Urtarrilean gobernu taldeak udal teknikariekin batera aurrekontuak lotzeko ahalegina egin zuen, aurrekontua orekatzea lortuz.

Orain herritarrena da txanda.