ORDIZIA APP, APLIKAZIOEN DENDAN

Tresna berriaren bidez alertak eta informazioa jasotzeaz gain Udalari jakinarazpenak bidaltzeko aukera emango da

Telefono mugikorrerako aplikazioa sortu du Ordiziako Udalak, ordiziarrekin hartu-eman azkar, zuzeneko eta hurbila izateko helburuz. ACV Multimedia enpresarekin gauzatu du. Albisteak, agenda, kontaktuak eta hainbat atalez gain, herritarrek ere aukera izango dute udalari jakinarazpenak luzatu eta eskariak egiteko. Tresna eskuragarri dago iada, Androik nahiz Apple telefonoetan instalatu ahal izateko. ‘Aplikazio dendan  ‘ORDIZIA’ bilatu eta instalatu daiteke iada, doan’, Jose Miguel Santamaria alkateak esan duenez. Legealdi honetan sortzen den bigarrena da, Ordiziako azokakoa eta gero. Aplikazioa ACV-ko Josean Telleria teknikoarekin, Leire Arandia D’elikatuz zentroko zuzendariarekin eta merkataritzako Josi Iturrioz zinegotziarekin eta Ordizian elkarteko Iñaki Donaberea batera aurkeztu du alkateak.

Hala, herritarrek, eta nahi duen orok, poltsikoan izango du Ordiziako zuzeneko informazioa eskuragarri, komunikatzeko orain arteko sare eta tresnen osagarri. Aplikazioa bi hizkuntzetan dago. Menuan hizkuntza aukerak eta  Facebook, twitter eta instagram sareetako udal loturak daude. Hizkuntza aukeratuta gero  zabaltzen da hamabi atal dituen pantaila. Hauexek dira atalak:


-Albisteak: Udalak ezagutzera ematen dituen albisteak agertuko dira bertan.

-Agenda: Herriko agenda izango da, udalak zein herritarrek antolatutako hainbat ekintzekin.                                                                                                                                 

-Idatzi udalari: Konpondu beharreko altzarien edo bestelakoen jakinarazpena bidali ahal izango dio herritarrak udalari, bai eta proposamenen bat egin ere.

-Ordizian elkartea: merkatarien eta ostalarien albisteak eta kupoiak.       

-Ordiziako azoka: berriak eta salneurriak.

-Turismoa: Herriko monumentuak eta turismo bulegoa.                                                                                                                                                                                                    

-Parte hartzea: udal galdeketak bideratzeko gunea.                                                                                                                                                                                                    

-Multimedia: Udalaren flirckera eta youtubera igotako argazkiak eta bideoak.                                          

-Herriko taldeak: Eragileen datu nagusiak eta kontaktua.                                                  

-Garraio publikoaren informazioa eta ordutegiak.

-Telefono interesgarriak.

-Guardiako farmazia.

Parte-hartzea telefono bidez ere

Udalak aparteko garrantzia eman nahi dio herritarrekin harreman zuzena izateko eskainitako aukerari. ‘Legealdian zehar parte-hartzea sustatzeko konpromisoa betetzen saiatu gara. Hainbat gaien inguruan eztabaidatu eta erabakiak hartzeko guneak zabaldu ditugu. Hondakinen, Mugikortasunaren eta Kirol azpiegituren mahaiak dira horren adibide. Herritarren ekarpenak jaso ditugu, urtero, aurrekontuak lantzeko. Eta aparteko prozesuak jarri ditugu martxan arlo desberdinetako estrategiak zehazteko: OrdiziaLab, merkataritza eta ekonomia ardatz hartuta; KulturLab, kultura eredua definitzeko; eta Gizarte Zerbitzuetako Plan Estrategikoa eta Gaztedi Plana, arlo horietako beharrak asebetetzeko datozen urteetan. Beti ere herritarren laguntzarekin, diagnostikoa egin eta egitekoak zehazteko’. 

Aplikazioak ‘ekarpen edo jakinarazpen puntual bat egin nahi duenak zuzenean eta poltsikoan duen tresna erabiliz Udalari bidaltzeko aukera eskaintzen du’, goraipatu du alkateak. Era berean, ‘Parte-hartzea’ atalaren bidez galdeketa puntualak bideratuko dira.  

Merkatarien kupoiak

Merkatari eta ostalarien elkarteak ahalegin berezia egingo du, beste behin, euren eskaintza ezagutzera emateko eta  herritarrekin harreman estua izateko. ‘Azokak, ostalaritzak eta merkataritzak aparteko garrantzia dute gure herrian. Herritar guztiok honetaz ohartu behar dugu eta eskaintzan diguten aukerari erantzun. Aplikazioak bi atal ditu: azokarena bat, berriekin eta asteroko salneurrien zerrenda eguneratuarekin; eta ostalaritza eta merkataritzakoa bestea, albisteekin eta aparteko eskaintzak eskuratzeko kupoiekin’. Kupoien atalean sartzean bisitariak bideratutako merkatarien eskaintzaren bat edo batzuk aurkituko ditu. ‘Mugatua izango da eta eskaintza eskuratu nahi duenak mugikorraren bitartez aktibatu ahalko du kupoiaren erabilera dendariaren aurrean’, zehaztu du Telleriak.

Hauez gain, app-a euren mugikorrean dutenek Udalak emititutako hainbat alerta jasoko ditu, eguraldia, trafikoa edota egokia izan daiteken beste gairen baten ingurukoa. Eta azken atalaren bidez guardian dagoen farmazia zein den jakingo da.

Alkateak aplikazioa jaitsi eta erabiltzeko gonbidapena luzatu die herritarrei. ‘Baliabide berri honen bidez herritarrekiko gertuago egon nahi dugu, etengabeko kontaktuan eta elkarlanean’, amaitu du alkateak.