“ORDIZIA SUSPERTU DUEN LEGEALDIA IZAN DA”

Jose Miguel Santamariak lideratu duen udal gobernuak legealdiaren balantze positiboa egin du

Ordiziako udal gobernuak, Jose Miguel Santamaria alkatea buru dela, 2015-2019 legealdiko balantzea egin du gaur Ordiziako Udaletxean. Horretarako lau urteotan egindako kudeaketaren berri eman du prentsa aurrean.  “Gobernu  hau eratu genuenean, blokeo eta inposaketa ezaugarri izan zituen lau urtetik gentozen. Guk ordiziarrei emandako hitza bete dugu eta lau urteotan elkar-ulertzea, partaidetza eta elkarrizketa nagusitu dira. Horri esker Ordizia suspertu dugu”, laburbildu du Santamariak.

Alkateak, EAJ/PNV eta PSE alderdien ordezkariekin batera, udal gobernuak egindako lanaren inguruko “poza” agertu du. Esan duenez, lau urteotan Ordiziak aurrera egin du “ongizatean, bere kale, auzo eta ekipamenduen modernizazioan, bizitasun kultural eta ekonomikoan”. “Ordizia eraldatzen ari diren neurriak hartu eta proiektuak martxan jarri ditugu eta egiten ari diren lana eskertu nahi diet gobernuko kideei”, azpimarratu du.

Herritarren parte-hartzetik abiatuta

“Parte-hartzearen legealdia ere izan da”, izan ere, eragileek, enpresek, bizilagunek, elkarteek, merkatariek.. “Ordizia hobeagoa, kohesionatuagoa eta dinamikoagoa” egin dute. Marko honetan kokatu du urteotan hartutako erabaki garrantzitsuenetakoa. Hau da, “herritarren iritziaren kontra inposatutako hondakinen sistema bilketa batetik, edukiontzien sistemara itzultzearena”. “Hondakinen Mahian lortutako akordioari esker eta herri-kontsulta egin ondoren, bilketarako bost edukiontzien sistema erabiltzea erabaki zen. Herritarrekin batera lortu dugu Ordizian inoiz lortu ez diren bilketa emaitzak: une honetan bilketa selektiboaren portzentajeak %77a gainditu du”, goraipatu du Santamariak.

Hala, Gobernuak parte-hartze prozesuak arlo desberdinetan burutu ditu: hondakinen mahaia, aurrekontu parte-hartzaileak, mugikortasun mahai eta kirol azpiegituren mahaia. Baita beste hainbat arloetan ere, esate baterako, Gaztedia, Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna.

Gai ekonomikoei dagokionez, egoera ekonomikoa hobea dela balioan jarri du eta Goierriko Berrikuntza Poloan NBF zentroa ireki eta udalerrian hotela eraikitzeko obrak hasi izana ‘mugarri’ direla esan du. Eta ezin ahaztu OrdiziaLab parte-hartze prozesua, merkataritza, lehenengo sektorea eta herriko ekonomia suspertzeko oinarria jarriko dituen plana, beti ere Ordiziaren garapenerako eta azoka erdigunean jarrita.

Ekipamenduek eta zerbitzuek “jauzi kualitatiboa” eman dute lau urteotan, tren geltokiaren birmoldatze lanekin, Majori kiroldegia handitu eta berritzeko obrekin, San Bartolome auzoko irisgarritasuna hobetuta, San Joan auzoan adinekoen egoitza berria eraikitzea adostuta, Floreagan alokairuan jartzeko babestutako etxebizitzak eraikitzeko proiektua bideratuta, Altamira auzoan kaleak berrituta eta auzoetan hainbat lan eginda. “Lan hauei esker, orain Ordizia herri erosoagoa,  irisgarriagoa eta atseginagoa da”, gogoratu du, “eta datozen urteetan hobetzen segitzeko haziak jarri ditugu”.

Adostasuna eta akordioak

Dena dela, alkateak esan du “legealdi zaila” izan dela, izan ere EAJ/PNV eta PSE-k gutxiengoan gobernatzeko erabakia hartu zuten. “Udal honetan elkarren artean hitz egin eta adostasunak lortzen jakin dugu, edonorekin, beti ere ordiziarren alde”, gogoratu du. Baina hainbat proiektu “egiteke” geratu dira “oposizioaren blokeo jarrera dela-eta”. “Guk lanean segituko dugu legealdiko azken minutura arte, ordiziarren ongizaterako adostasunak bilatuz”, amaitu du.

Iñaki Dubreuil zinegotzi sozialistak ere balantze positiboa egin du, “hobetu daitezkeen eta hobetu behar diren arloak beti daudela” kontutan hartuta. Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa definitzeko egin den “esfortzua” goraipatu du. Honen helburua “udal gizarte zerbitzuak berriz definitzea” izan da, hau da ordiziar guztien ongizatea eguneratu eta indartzea “euren beharrei erantzuna emanez, era eraginkorrean eta kalitate maila altuarekin”, esan du.

Hartutako neurrien artean zerrenda luzea gogoratu du Dubreuilek: “Etxez etxeko laguntza zerbitzua hobetu da, larrialdiko harrera pisuen programa arautu da, arriskuan dauden pertsona helduen eguneko arretarako zentroa proiektatu da, arriskuan dauden adin txikikoen familien programa berriz formulatu da, Elikagaien Bankuaren funtzionamendua hobetu da, Ordizia Lagunkoia programa kudeatu da, Adikzioen  Prebentziorako plan berria martxan jarri da, suteak detektatzeko eta gizartearen beharrak diagnostikatzeko zerbitzua diseinatu da eta desfibriladore sarea eratzeko aurrera egin da”, laburtu du.

Udal gobernuak hau dena egi bihurtzeko udalez kanpoko erakundeen laguntza goraipatu du, bereziki euskal eta estatuko gobernuarena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Proiektuak bideratzeko udal langileek, teknikariek, egin duten esfortzua ere eskertu dute. “30 bat milioi euroko inbertsioez ari gara. Egindako lana izugarria izanda, beraz”, amaitu dute.