ASTEARTEAN HASIKO DA BUZTUNTZA BERRITZEKO PARTE HARTZE PROZESUA

Informazio bilera, kale ibilbidea, proposamen tailerra, aurkezpen bilera eta bozketa egingo dira, besteak beste, ekaina bitarte

Ordiziako Udalak Buztuntza auzoaren birgaitze eta berurbanizazioarekin batera martxan jarriko den parte-hartze prozesuaren berri eman dute prentsa aurrean Jose Miguel Santamaria alkateak eta Arantxa Fernandez zinegotziak. Apiriletik ekainera bitartean, iritzia emateko hainbat une eta bide egongo dira, etorkizuneko Buztuntzak auzokideen nahi eta beharrei erantzun diezaien. Proiektua irailean aurkeztuko da. Parte-hartze prozesua eta proiektuaren erredakzioa 75.000 eurotan esleitu zitzioan EstudioK-ri eta Tipigara enpresak egingo du honentzat parte-hartze prozesua.

Proiektua handia da, eremua 79.000 metro koadrokoa baita. Zortzi hektarea eta 1.600 inguruko biztanle ditu, 50 baino gehiago atarietan bizi direnak. Horrez gain, bost plaza, Urdaneta ikastetxearen bi erakin, haur parkea eta gune berdeak daude. Oria ibaiaren eta trenbidearen artean dago kokatuta auzoa.

Birgaitze eta berurbanizazioa arrazoia

Alkateak gogoratu duenez, 70. hamarkadan izan zuen garapen handiena Buztuntza auzoak, garai hartan eraiki ziren auzoko eraikin gehienak eta orduan zehaztu zen kaleen forma eta izaera. Ordutik hona konponketa puntualak egin diren arren, kaleen hobekuntza bere osotasunean lantzeko unea heldu da, kalitate handiagokoa izango den auzo-inguru bat eraikitzeko. Honenbestez, kaleak atseginagoak, erosoagoak eta irisgarriagoak bihurtzeko asmoz, Urbanizazio Proiektu Integrala berria egingo du Udalak.

Urbanizazio Proiektu Integrala

Auzoko kaleen, plazen eta berdeguneen ezaugarriak osotasunean landu eta zehaztasunez definitzen dituen dokumentu teknikoa da. Proiektu Integralak kaleak eta plazak berritzeko, kotxeen igarotzea antolatzeko, bidegorria luzatzeko eta bestelako hobekuntzak gauzatzeko aldaketak zehaztu eta jasoko ditu.

Parte-hartze prozesua

Aldaketa hauek modu askotara egin daitezke, eta bide honetan auzokideen iritzia jasotzea oso garrantzitsua izango da kaleen bukaerako forma zein izango den erabakitzeko. Horregatik, datozen hilabeteetan elkarrekin aritzeko asmo dago, martxan jarriko den parte-hartze prozesuan.

Iritzia emateko hainbat ekintza gauzatuko dira orain hasi eta irailera bitartean, besteak beste: proiektuaren egoeraren berri emateko informazio bilerak, sakoneko elkarrizketak, beharrak eta proposamenak jasotzeko tailer irekiak, kale-inkestak, eta proiektu-aukera ezberdinen gaineko balorazio eta bozketa.

-Informazio bilera

Urbanizazio Proiektu Integralaren eta parte hartze prozesuaren inguruko informazioa emango da eta dudak argituko dira apirilaren 30ean, asteartea, 18:00, Urdaneta eskolan.

-Kale ibilbidea

Auzoko kaleetatik ibilbide bat antolatuko da, Buztuntzako espazio kuttunak eta hobetu beharrekoak identifikatzeko, maiatzaren 7an, asteartea, 18:00, Urdaneta eskolan.

-Proposamen tailerra

Etorkizuneko kaleen formari buruzko iritziak, desirak, beharrak eta lehentasunak landuko dira. Tailer honetatik eratorritako informazioarekin arkitekto taldeak proiektu aukera ezberdinak gauzatuko ditu, maiatzaren 21ean, astertea, 18:00, Urdaneta eskolan.

-Aurkezpen bilera eta balorazioa

Auzokideen desira eta beharrak txertatzen dituzten proiektu aukera ezberdinak aurkeztuko dira, eta proposamenak erakusgai utziko dira hurrengo astean zehar. Ordiziako herritar guztiek izango dute horiek baloratzeko aukera. Ekaina erdialdean, ordua eta lekua zehazteke. Balorazio egiteko Udaleko harrera bulegora joan edo online egiteko aukera eskainiko  da.

-Proiektuaren erredakzioa

Jasotako balorazioak oinarri gisa hartuta, arkitekto talde erredaktoreak Proiektu Integrala landuko du uztaila eta abuztuan zehar.

-Kontraste bilera

Garatutako proiektua aurkeztuko da eta azken iritzi eta balorazioak jasoko dira. Irailean, ordua eta lekua zehazteke.

Azken informazio bileran jasotako ekarpenekin arkitekto talde erredaktoreak proiektua guztiz zehaztuko du, Udalak Buztuntza berrizteko obrak ahal bezain lasterren hasi ditzan.

Udal arduradunek bizilagunei prozesuan parte-hartzera animatu dituzte, euren ustez auzokideen ‘ikuspuntuak’ eta ‘inplikazioak’ balio handia izango baitute proiekturik hoberena erredaktatu ahal izateko. Ostegun honetan banatu da auzoko postontzietan datak zehazten dituen informazio orria.