BUZTUNTZA ON-LINE

Ordiziarrek auzoako proiektuari ekarpenak internet bidez egiteko aukera dute

Buztuntza auzoa birgaitu eta berrurbanizatzeko proiektua erredaktatzeko parte-hartze prozesua burutzen ari da Ordiziako Udala.  Informazio bilera eta kale ibilbidea egin dira orain arte. Ekarpenak egiteko aukera zabalik dago oraindik  eta bide berria ireki da. Oraingoan, hilaren 15a bitarte on-line edo internet bidez galdeketa labur bati erantzunez euren iritzia eman dezake edozein herritarrak. Udaleko web gunean zintzilikatu da, eskuineko zutabean banner batean, eta prest dago baita telefono mugikorraren bidez betetzeko, ‘Ordizia’  app-ko ‘parte-hartzea’ atalean sartuta.

Hurrengo urratsak

Aukera gehiago emango dira ondoren ere. Hala,maiatzaren 21ean 18:00etan Urdaneta eskolan ‘proposamen tailerra’ egingo da. Etorkizuneko kaleen formari buruzko iritziak, desirak, beharrak eta lehentasunak landuko dira. Tailer honetatik eratorritako informazioarekin arkitekto taldeak proiektu aukera ezberdinak gauzatuko ditu.

Gero, ‘aurkezpen bilera eta balorazioa’ egingo da. Auzokideengandik prozesuan zehar jasotako desira eta beharrak txertatzen dituzten proiektu aukera ezberdinak aurkeztuko dira, eta proposamenak erakusgai utziko dira. Ordiziako herritar guztiek izango dute horiek baloratzeko aukera. Ekaina erdialdean izango da hori. Balorazio egiteko Udaleko harrera bulegora joanez edo on-line egiteko aukera eskainiko  da.

Jasotako balorazioak oinarri gisa hartuta, arkitekto talde erredaktoreak proiektu integrala landuko du uztaila eta abuztuan zehar. Irailean kontraste bilera egingo da. Hau da, garatutako proiektua aurkeztuko da eta azken iritzi eta balorazioak jasoko dira.

Azken informazio bileran jasotako ekarpenekin arkitekto talde erredaktoreak proiektua guztiz zehaztuko du, Udalak Buztuntza berritzeko obrak ahal bezain lasterren hasi ditzan.

Udalak prozesuan parte-hartzera animatu nahi die herritarrei. Une honetan galdeketari erantzunez.