KIROLDEGIA DISEINATZEKO PROPOSAMENA AURKEZTU DU KIROL AZPIEGITUREN MAHAIAK

Proiektatuko diren beharrak eta irizpideak 2017an hasitako prozesuan landu dira

Ordiziako Majori kiroldegiko proiektua egiteko adostutako beharrak aurkeztu ditu Kirol Azpiegituren Mahaiak prentsa aurrean. Berritze-proiektua hasita dago eta aurrera doan heinean eman dira gune hezea edo igerilekuei eta sauna eremua diseinatzeko irizpideak zehazteko pausoak.  Adostutakoaren berri eman dute kiroldegiko Odilo Rivela zuzendariak, Oskar Torres arkitektoak, Jose Miguel Santamaria alkateak, Bittor Bolinaga kirol zinegotziak eta Mahaian parte hartu duten hainbat ordezkariek. Proposamen osoa grafikoki zehazten duen panel bat ere prestatu da eta kiroldegian egongo da ikusgai ostegunetik.

Ordiziako Udalak eragileen eta herritarren parte-hartzea bermatzeko eratu zuen Kirol Azpiegituren Mahaia. Alkateak gogoratu duenez, 2017ko martxoan egin zuen lehen bilera. Kiroldegiko hainbat erabiltzailek, kirol elkarteek, eskola kiroleko ordezkariek, teknikariek eta politikoek osatu dute taldea. Lehenago, 2016an, erabiltzaileen  ekarpenak jasotzeko epe bat ireki zuten  kiroldegiak eta Udalak. ‘Eraginkorra izan zen, izan ere, 166 ekarpen ezberdin jaso ziren. Hauen berri KAM-eko partaideei eman zitzaien. Ordutik hona, proposamenak lantzen joan dira hainbat bileratan, adostutako azken proposamenera iritsi arte’, zehaztu du Santamariak.

Hala, proiektuak gaur egun berritzen ari diren espazioak eta hurrengo fasean egingo direnak barneratzen ditu, gutxienez, hurrengo irizpideak betez:

BARRUKO IGERILEKU EREMUA

IGERILEKUAK Barneko igerilekuaren eremuak hiru igerileku izan behar ditu: igerileku handia, 8/10 kale izango dituena eta sarbidea ematen duen korridore nagusitik beirazko horma bidez igerilekua ikusteko aukera emango duena; igerileku ertaina, 4 kale izango dituena sarrera errazteko eskailera eta arrapala irisgarri bana batekin; eta, haurren igerileku txikia.

Modu ezberdinetan banatzeko aukera izatea eskatzen da, igerileku handian lehiaketak egitean gainerako eremuan ohiko erabiltzaileak egoteko aukera izateko. Argiztapen naturala ahalik eta hoberen bideratzea, soroslearentzako gune zentratua,  esku-oheak artatzeko gune itxia eta ur-iturria jartzea eskatzen da. Gainera, barruko igerilekutik kanpoko igerilekura eremu hezetik joateko aukera izatea derrigorrezkoa dela adostu da.

ALDAGELAK  Ikastaroetarako bat, mistoa eta igerilekura zuzeneko sarrera duena proiektatuko da. Gainera, erabiltzaileentzat uda sasoirako kabina indibidualak, elbarrituentzako bi aldagela, igerilekuaren eremua bitan banatzen denerako aldagelak moldatzeko moduan jartzea eta irisgarritasun baldintzak betetzea eskatzen da.

SAUNA EREMUA  Ur espazioan integratutako espazio misto bezala izan behar du, honela osatuta: sauna lehorra, sauna hezea, kontraste dutxak,  etzatekoak/ bankuak, ur hotzaren putzua eta makinentzako gela.

HARMAILAK Gutxienez 9 lerro izango ditu, igerilariak eta ikusleak ezberdintzeko aukerarekin eta gurpildun aulkientzako 2-3 tokirekin. Epaileentzako gela bat eta harmaila azpialdean biltegiak behar dira.

BILTEGIAK  Lau  biltegi behar dira, 12 m2koak gutxienez eta honela erabiltzeko: garbiketako tresnak, Igeriketa taldea, Urpekoen taldeaeta ikastaroetako materiala.

TAKILAK Igerilekutik atera eta igerilekura doan espazio komunean takilentzako espazioa izango da.

DUTXAK  Irekiak izango dira eta iturri bat ere jarriko da.

KANPOKO IGERILEKUAK

Kanpoko igerilekuak zati ludikoa izan beharko du, baina baita hiru kale gutxienez igeri egin ahal izateko.

Berdegunearen azalera eskasa handitzeko, eraikin berriaren estalkiek lauak eta erabilgarriak izateaz gain, solarium moduan erabili ahal izateko aukera eskainiko dute. Itzal-guneak ere aurreikusi beharko dira, edo itzala lortzeko mekanismoak. Ahal den neurrian, zorua oinutsik erabiltzeko prestatua izango da.

ESPAZIO OSAGARRIAK

Kirol eremuaren espazio osagarriakere aztertu eta zehaztu dira.Hala, pista edo kantxa nagusirako  gutxienez taldeentzako 4 aldagela eta arbitroentzako 2 aldagela, hainbat espazio itxi material ezberdina gordetzeko,  Majoriko langileen lan-eremurako hainbat gela edo bulego eta ekintza anitzetako gelaren bat behar dira. Langileentzat aldagela moduan, edo beste helburuetarako erabili daitekeen espazioa eta takilak eskatu dira, banakakoak eta taldekakoak ere.

Hasitako obren egoera

Alkateak une honetan gune lehorrean burutzen ari den obrari buruzko hainbat datu eman ditu. Hala, kuboko kantxak itxita segituko du urrira arte. ‘Itxi zenean entrenamenduak beste toki batzuetara bideratzeko lanketa egin genuen. Jakintza ikastolan eskubaloia eta tenisa, Legorretan saskibaloia, Ormaiztegin eskubaloia eta Oianguren institutuan tenisa, saskibaloia eta eskubaloia egiten da’, esan du.

Gimnasio berria abuztu-irailerako martxan jartzea aurreikusten da eta gaur egungoa datorren astean zehar berriz martxan egongo da.

Obraren lanengatik rokodromoa itxita dago. Etorkizunean squash areto batean boulder bat egokituko da.

Kanpoko belardia udako kanpainarako prest egoteko lanak egiten ari dira apiriletik eta igerilekua ere prest egongo da udako. Ekainaren 15erako tabernako sukaldea irekiko da.

Altamirako estadioari dagokionez, belardia berritzeko kontratazio prozesua martxan dagoela esan du eta azaroan atletismoko pista erabilgarria egongo dela iragarri du, garabia  kenduko delako.

Amaitzeko, prozesuan zehar kirol eragile eta erabiltzaileen parte-hartzea eta inplikazioa eskertu ditu. ‘Pazientzia handia behar da eta eskertzen da baita obrak sortzen dituen eragozpenekin aurre egitea. Mila esker denei’

*Argazkian, Mahaiko hainbat kide aurkezpen honetan.