ABIAN DIREN PROIEKTUEN BERRI EMAN DU UDAL GOBERNUAK BERE AGURREAN

Gizarte-ongizatearekin, irisgarritasunarekin, kulturarekin, kirolarekin, ekonomiarekin, enpleguarekin eta hirigintzarekin lotura duten ekimen estrategikoak hartzen ditu barru

Jarduneko udalbatzak prentsaurrekoa eman du legealdiari agur esateko. Gaur egun martxan dauden proiektuen berri eman du, eta lau urte hauetan konpontzerik izan ez dituzten alderdi estrategikoengatik barkamena eskatu dute.  Gaur egun oraindik alkate den Jose Miguel Santamariak, EAJren izenean, eta Iñaki Dubreuilek, PSE alderdiko zinegotziak, landutako ekimenak zerrendatu dituzte eta gogora ekarri dute gobernu-talde berriak horien jarraipena egin beharko dutela behin betikoz bukatzeko edo egikaritzeko.

San Joan eremuaren garapenakbi proiektu jasotzen ditu, zerrendatu horretan aipatuak. Gauzatu beharrekoak dira ordiziarrentzat duen interes bereziarengatik: Eusko Jaurlaritzarekin hitzartutako Floreagako alokairu bidezko etxebizitzak, eta gaur egun dagoena ordezkatuko duen helduentzako egoitza berria, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartua.

Irisgarritasuneko hobekuntzekjauzi kualitatiboa izan beharko dute aurki.  Horrela, helburu horri begira tren-geltokian gauzatzen ari diren lanak bukatuko dira aurten, eta ondoren proiektu globalaren bigarren fasea gauzatu beharko da.  Kasu honetan, bere garaian adierazi zen bezala, geltokia eta Rezola pasealekua San Bartolome auzoarekin lotuko dira, igogailu  bidez eta lurpeko pasabide baten bidez.

Larunbat honetan irekiko da kanpoko igerilekuen udako denboraldia Majori Kiroldegian. Aldi berean, aurrera jarraitzen dute kirol gune osoa berritzeko lanek. Santamariak gogora ekarri du aurki hasiko direla Altamira estadioko belarra aldatzen, eta aurki esleituko dela lanen bigarren fasea. Bigarren fase horrek erabat eraldatuko ditu igerilekuak, bai barrukoak, bai kanpokoak.

Ordiziako aurrera begirako kultura-eredua ere diseinu-fasean dago. Azken hilabeteotan KulturLab prozesu parte-hartzailea bat burutu da. Horren emaitza berriki aurkeztutako diagnostikoa izan da. Diagnostikoa udalaren web-orrialdeko dagokion atalean kontsulta daiteke. Diagnostiko horretatik kultur guneak erabiltzeko eta hobetzeko plan bat sortu beharko luke, batez ere Barrena eta Herri Antzokia eraikinekin lotua, eta aurrera begirako premiei eta erronkei erantzuteko.

Gobernu-taldeak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan sustatu nahi izan duen beste ekimen bat ekonomia-eredua izan da (Ordizia Lab), azoka eta merkataritza ardatz hartuta udalerriaren garapenerako, lehen sektorea eta herriko ekonomia indartze aldera. Ekonomiarekin loturik, Santamariak azaldu du Goierri campusean NBF ikerketa-zentro berria irekitzeak jauzi kualitatiboa dela, eta horretan aurrera egiten jarraitu beharra dagoela, baldin eta eskualde-mailako enplegu-mailan atzera egin nahi ez bada.

Une honetan martxan dagoen beste espazio parte-hartzaile bat Buztuntza auzo osoaren urbanizazioa konponduko duena da. Ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran hainbat aukera aurkeztuko dira, auzokideen ekarpenetatik eta interesaturik dauden herritarrengandik jasotakoaren arabera diseinaturik. Eta ordiziarrek beraiek erabaki beharko dute proiekturik egokiena, gerora gauzatzeko.

Proiektu horiekin guztiekin batera, beste bat nabarmendu behar da, Ordizia eraldatzeko funtsezkoa. Trenbideak desbideratzea Ordiziako tartean. Pasa den legealdian alde batera geratu zen proiektu horri heldu zaio azken lau urte hauetan.  Horri eskerrak, Madrilgo gobernuak azterketa informatiboa edo trenbideak desbideratzeko oinarrizko proiektua egingo du aurten. Horrek aurrerapena ekarriko du berarekin; hortaz, gobernu-talde berriak lan egin beharko du baldin eta, San Bartolome eremua herrian integratuz, Ordiziaren biziberritzea egia bihurtu nahi badu.

Gizarte arloan, Dubreuilek gogorarazi du lau urte hauetan hasi direla ezartzen Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa. Teoriatik praktikara doan proiektu aitzindaria. Etxeko laguntza-zerbitzua nabarmen hobetzen du, eta asmo handiagoz lantzen ditu herritarren zahartzea, premiazko harrera-pisuak, mendekotasunei aurrea hartzera bideratutako esku-hartzeak eta familia-autonomiaren sustapena edo eguneko laguntza-zentro berria martxan jartzea. Plan estrategiko horrek, era berean, gizarte-hezkuntzako esku-hartzeen arloan ibilbide berri bat abiarazten du, besteak beste babesgabetasun-egoeran eta gizarte-bazterkeriaren arloan adingabeak dituzten familiei laguntzeko.

Hiri Antolamenduko Udal Plan Orokorra eta osasun-zentroa handitzea: bi kontu horiek konpontzeko daude

Gobernu-taldeak, halaber, barkamena eskatu du gutxiengoan egonik gai izan ez direlako Ordiziarentzat guztiz garrantzitsuak diren zenbait proiektu aurrera ateratzeko: besteak beste, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (nahiz eta prest egon) eta osasun-zentroaren handitzea dagoeneko martxan ez egotea. 'Oposizioak blokeatu dituen proiektu edo gaietako batzuk dira horiek. Ez gara gauza izan, egindako ahaleginak gorabehera, horiek konpontzeko; horrenbestez, barkamena eskatzen diegu herritarrei. Sinetsirik gaude orain, borondatearekin eta lan eginez, aurrera aterako direla. Guk, behintzat, lankidetzan jardungo dugu helburu horrekin', haien hitzetan.

Amaitzeko,  lau urte hauetan, beste beste, bidelagun izan diren udal langile, erakunde, komunikabide eta herritarrei emandako laguntza eta babesa eskertu diete.