Haurrak protagonista Buztuntzako eraberritze prozesuan

Urdaneta Eskola. Buztuntza. Parte hartzea

Adur Ezenarro alkateak Urdaneta Eskolako haurrei laguntza eskatu die Buztuntza auzoaren eraberritze prozesuan; izan ere, Ordiziako udalarentzat funtsezkoak dira haurren iritzi eta proposamenak.

Asteartean hasi dute Urdaneta eskolako haurrek Buztuntza auzoko prozesuaren baitan Ordiziako Udalak beraientzat espresuki abiatu duen parte hartze prozesua. Udal Gobernuarentzat “oso garrantzitsua da haurrek duten iritzia ere entzutea Buztuntza auzoko eraberritze prozesuan” eta horregatik, hasi dituzte saioak gaztetxoenekin.

Prozesu honetan Urdanetako Eskolako haurren ikuspegia eta beharrak txertatzea da helburua; haurrek herriarekiko duten ikuspegia balioan jarriz eta lan kooperatiboa eta parte-hartzearen inguruko esperientzia positiboa sortzeaz gain. Hala, bi fasetan banatuko da; hasiera batean eskola inguruko espazio publikoa aztertuko da gaztetxoekin, eta ondoren, detektatu diren behar horien gainean proposamen eta erabilera zehatzak planteatuko dira. Lehen saioa aste honetan hasi dute, ikasle batzordearen lehen saioarekin. Bertan Adur Ezenarro alkateak pertsonalki ikasleen ordezkariei laguntzak eskatu die, udalak auzoa eraberritzeko hartu behar dituen erabakietan euren ekarpenak txertatzeko.

Tipi enpresako arduratuko da parte-hartze prozesuaren kudeaketaz.

Hemen, Adur Ezenarro, Ordiziako alkatearen azalpena: https://youtu.be/RndQWiUXfuo