"Ordiziarren bizi kalitatea hobetzeko aurrekontu proposamena aurkeztuko dugu"

Aurrekontuak 2020

Ordiziako Udal Gobernuak datorren asteko astelehenean, martxoaren 16an, ez ohiko Plenora eramango ditu 2020rako proposatuko dituen aurrekontuak, 15 miloi t’erdi euro inguruko aurrekontu proiektua; 15.614.380,62 eurokoa hain zuzen.

Osoko bilkura monografikoa izango da, herriaren egonkortasuna bermatzeko aurrekontuek duten garrantzia kontuan izanda. “Legegintzaldia hasi dugun unetik, guretzat, lehentasuna izan da aurrekontuak aurrera ateratzea. Ordiziaren egonkortasuna eta garapena bermatuko duen proiektua da bi alderdiok aurkezten duguna, eta horretarako, lanketa zabala egin dugu, ordiziar guztien iritzia kontuan hartuko duten aurrekontuak izan daitezen”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Ordizia Orainekin elkarlanean burutu du Udal Gobernuak aurrekontu proiektua, eta gainerako alderdiei ere aurkeztu zaie proposamena. Oraindik ere ekarpenak jasotzeko irekita dago beraz aurrekontu proiektua, gainontzeko alderdiek egitasmoak aurkeztu nahi badituzte.

2020ko aurrekontu proposamen honen abiapuntua Udal Gobernuaren programa izan da eta Ordizia Orainen lankidetzarekin osatu da. Hala ere, hasieratik, Udal Gobernuak herritarren iritzi eta proposamenak jasotzea beharrezkotzat jo du eta horregatik herriko 7 auzoetan, eta Ordiziako hainbat esparrutako eragilerekin bilerak egin dira. “Egindako ekarpenek isla zuzena dute martxoaren 16an onartzera daramagun proiektuan”, gehitu du alkateak, hain zuen, herritarren 15 proposamenetik jasoko ditu aurrekontu proiektuak.

Legegintzaldi planaren oinarri

Aurrekontu proiektu hau datozen lau urteetarako estrategiaren barnean kokatzen da eta 2019-2023 legegintzaldi planaren abiapuntua izango da. Plan honek erabateko garrantzia du, urte batetik bestera jarraituko diren lan ildoak ezartzen direlako bertan.

Datorren apirilaren 5ean ospatuko dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak, eta horrek, legegintzaldi planaren aurkezpena atzeratzera behartu du. “Udal Gobernu honek ez du inertziaz jokatuko; etorkizuneko Ordizia eraikitzea da gure helburua, eta plan horretan oinarrituko gara datozen urteetan”, zehaztu du Ezenarrok.

Hiru milioi, hamaika proiektu

Helburu nagusia ordiziarren bizi kalitatea hobetzea denez, esparru asko hartuko ditu aurrekontu proposamenak. Horren harira, hiru milioi euroko inbertsio anbiziotsua aurkeztuko dute bi alderdiek, non pertsonen bizitza hobetzeko azpiegiturak aurrera eramateaz gain, pertsonengan inbertitzea izango den lan lerro nabarmena.

Honela, inbertsioen zati bat azpiegitura eta Udal eraikinak eraberritzeko bideratuko da, kale eta espaloiak eraberritzeko, Majoriren eraberritzearekin jarraitzeko, baina etorkizuneko lanen proiektuak burutzeko ere, auzoen urbanizazio proiektuak, eta irisgarritasuna hobetzekoak, besteak beste.

Beste zati handi bat, ordea, pertsonetara bideratuko da; hala nola, eguneko arreta zentroa egitera edo etxez etxeko laguntzak handitzera, baina baita ordiziarren heziketa eta parte-hartzea sustatzera. Hiri hezitzailea birpentsatzera eta hezkuntza mahaia sortzera, edota parkeen eraberritze plangintza herritarrekin adostera, batez ere erabiltzaile diren haurrekin.

Zehar-lerro nagusia, bestalde, klima larrialdiari erantzutea da, udal eraikin guztien energia auditoriak burutuz, energia berriztagarrien erabilpena sustatuz, eta argiteriaren aldaketarekin jarraituz.

Alkateak azaldu moduan, oraindik ere irekita dauden aurrekontuak dira, hobetuko dituzten ekarpen eraikitzaile guztietara irekita dagoelarik Udal Gobernua. Hala ere, Udalaren eta herriaren egonkortasun eta garapenerako ezinbestekoa da aurrekontuak lehenbailehen izatea, ordiziarren bizi kalitatea hobetzeko lehen urratsa baita.