Ordiziako Udalaren Osoko bilkuraren instituzio adierazpena

Ordiziako Udalaren Osoko Bilkuraren instituzio adierazpena


1.- Ordiziako Udalaren Osoko Bilkura, Ordiziako gizartearen aniztasuna ordezkatzen duen erakundea da, eta bere izenean, bat egiten dugu egun hauetan maite izan duten pertsona bat galdu dutenen minarekin, bai Covid-19ak eragindakoengatik, eta baita beste arrazoi batzuengatik ere. Eta, bereziki, bizitzaren azken egunetan haien ondoan egoteko ezintasunak gehitzen duen sufrimenduagatik, min hori adierazi eta partekatzeko aukerarik izan gabe.

 

 

 

2.- Ordiziako Udaleko Osoko Bilkurak batasunetik jarduteko erabeteko konpromisoarekin egingo die aurre garai gogor hauei, koronavirusaren ondorio sakonei aurre egin ahal izateko..


3.- Ordiziako Udalbatzak adierazten du eskura dituen baliabide guztiak jarriko dituela gizarte orekatuago, inklusiboago eta iraunkorragoa berreraikitzeko.

 

4.- Ordiziako Udaleko Osoko Bilkurak eskura dituen baliabide guztiak jarriko ditu pandemia honen eraginak ahalik eta arinenak izan daitezen herritar guztientzat, eta bereziki Covid-19k gehien kaltetutako sektoreetan. Bere ekimenen erdian osasunerako eta bizitza duinerako eskubidea mantentzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, eta, horretarako, pertsonak zaintzeko lanen funtsezko izaera aldarrikatzen du.

 

5.- Ordiziako Udaleko Osoko Bilkurak eskertu eta zoriondu egin nahi ditu Ordiziarrak kontzientziazioan eredu izateagatik, gure herrian kutsatzeak ez areagotzeko hartu behar ditugun segurtasun-neurriak muturreraino eraman dituztelako, eta ez lasaitzera eta neurri horiek hartzen jarraitzera gonbidatzen ditu Alarma Egoera amaitu arte.

 

6.- Ordiziako Udaleko Osoko Bilkurak eskerrak eman nahi dizkie pandemiaren aurkako borrokan, lehen lerroan, lanean ari diren pertsona guztiei: ospitaleetako, osasun-zentroetako eta egoitzetako langile guztiei, irekita dauden denda eta supermerkatuetako langileei, eta egunero beren lanpostuan lan egiten jarraitu dutenei: udal-langileak, poliziak eta suhiltzaileak, garraiolariak, baserritarrak, etab. Bereziki aitortuz, zaintzaren sektoreak irudikatzen duen lan feminizatua, prekarizatua eta ikusezina

 

7.- Ordiziako Udaleko Osoko Bilkurak erakundeen arteko ahalik eta lankidetza handiena eskatzen du Covid-19aren krisiak eragin dituen ondorioak arintzeko ekimen eta laguntza publikoak koordinatzeko. Eta, zehazki, une honetan okerren pasatzen ari diren kolektibo ahulenei laguntzeko.

 

8.- Ordiziako Udaleko Osoko Bilkurak Ordiziarren, talde politikoen, sindikatuen, elkarte-mugimenduen eta hainbat eragileren parte-hartzea eta erantzukizuna eskatzen du, gure komunitateko balioa indartuz bizitzen ari garen krisiari aurre egiteko. Krisi honetatik gure komunitatea indartuta baino ezin izango gara irten, boluntario guztiek erakutsi diguten bideari jarraituz, premian dauden pertsonei laguntzeko orduan tokiko merkataritzaren inplikazioa eredu, Ordiziarrek tokiko merkataritzari eta azokari erakutsi dioten atxikimendua oinarri… Orain, inoiz baino gehiago, Ordiziak bere burua zaindu behar du komunitate bakar gisa, ahaztu gabe prebentzioa dela pandemia gainditzeko gakoa.

 

 

9.- Ordiziako Udaleko Osoko Bilkurak zerbitzu publikoak eta zaintza-zerbitzuak indartzeko konpromisoa hartu du, eta pandemia honetan agerian utzi dute zerbitzu horiek funtsezkoak direla herritarren oinarrizko eskubideak bermatze aldera. Krisi honek balio behar du ohartzeko, denak huts egiten duenean, pertsonak zaintzea dela benetan funtsezkoa, eta sektore publiko batean inbertitzeak duen garrantzia, bere herritarren zaintzaile izan behar baitu. Zaintzek kudeaketa publikokoak izan behar dute oso-osorik.

 

10.- Ordiziako Udalak konpromisoa hartzen du normaltasun berria berreskuratu eta ekitaldiak ospatzeko baldintza egokiak ematen direnean, Ordizian egingo den lehenengo ekitaldia, Covid-19 konfinamendu egoerak iraun duen bitartean hildako pertsona guztien eta pandemiari aurre egiteko lanean aritu diren guztien aldeko omenaldia izatea, herritarren eta gizarte-eragileen parte-hartzeari irekia.