"Gazta honek askatasun usaina du"

 

Iragan apirilaren 15ean Artzain Eguna bertan behera uztera behartu gintuen COVID-19 pandemiak, eta urtero egin ohi den Idiazabal gazta berriaren mozketa ere, ezin izan zen burutu, baina, maiatzaren 27an, XXVI. Idiazabal Gazta berriaren aurkezpen eta gazta berria ebakitzeko ekitaldia egin da Ordiziako Oiangu parkean. Unai Campo, Bilboko Porrue jatetxeko sukaldariak ebaki du lehen gazta, eta La Lezek gaztandegiak Idiazabal Jatorri Izendapenak eman duen erregulartasun saria jaso dute artzainen kategorian, eta Asteasuko Goinek jaso du gaztandegiari dagokiona.

Artzain Egunean artaldea herrigunetik igarotzen da, eta gaurkoan nahiz eta ekitaldia desberdina izan,  Lazkaomendiko Intzartzu etxeko Iztueta aita-semeak iritsi dira Oianguraino haien abereekin. Minutu gutxiren ondoren hasi da ekitaldia, 11:30etan, puntuan.

Adur Ezenarrok, Ordiziako alkateak, eskerrak ematen hasi da. “Eskerrik asko Udalarekin batera, ekitaldi hau antolatzen laguntzen diguten Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiari eta Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Izenapenari, eta baita Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritzari”. Alkateak nabarmendu du “garai zailak” egokitu direla, “bereziki lehen sektorearentzat”. Hala ere, ekitaldiari eutsi nahi izan diotela gaineratu du, "artzainek guztion laguntza eta bultzada inoiz baino gehiago behar duten garai hauetan".

Unai Campo bereziki pozik agertu da emanaldi osoan zehar, eta harentzat ‘ohore handi bat’ dela nabarmendu du Idiazabal Gazta berriaren mozketa egiteaz arduratzea. Hain zuzen, gazta ebaki eta segituan hala mintzatu da: “Gazta honek askatasun usaina du, pixkanaka normaltasunera iristen ari garenaren usaina”.