Alerta naranja eta horia tenperatura altuengatik. Gomendioak:

Gaur alerta laranja izango dugu beroagatik eta baso suteengatik. Bihar, berriz, abisu horia. Eguraldi bero horien aurren, hemen hainbat gomendio, kontuan hartzeko; Oianguko parkeko barbakoak itxita egongo dira alarmak iraun bitartean.

· Likido asko edan, bereziki ura, deshidrataziorik gerta ez dakizun. Ez itxaron egarri izan arte edaten hasteko. Saiatu ez hartzen alkohol, kafeina edo azukre gehiegi daukaten edaririk.

· Arin jan (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta eta abar).

· Itxi leihoak, eta jaitsi eguzkiak jotako leihoetako pertsianak; bero gutxieneko orduak baliatu etxea haizatu eta freskatzeko.

· Erabili arropa egokia: zabala, arina eta kolore argikoa eta izerditzen uzten duena, baita oinetako erosoak eta freskoak ere.

· Ahal baduzu, ez irten kalera bero gehien dagoen orduetan.

· Atera behar baduzu, estali burua eta betaurreko beltzak erabili; saiatu gerizpean ibiltzen.

· Ariketa fisikoak kanpoan egin behar badituzu, egizu bero gutxien egiten duen orduetan.

· Ibilgailua aparkatuta eta itxita dagoela, ez geratu inoiz barruan eta ez utzi ez pertsonarik ez animaliarik, ibilgailua itzaletan badago ere.

· Arreta handia eduki behar da jaioberriekin eta ume txikiekin, adinakoekin eta beroaren eta deshidratazioaren ondorioz areagotu daitezkeen gaixotasunak dauzkaten pertsonekin, esaterako bihotzeko gaixotasunak.

· Adinakoek, bereziki etxean bakarrik bizi direnek edo menpekoak direnek, babes neurriak hartzeko zailtasunak eduki ditzakete, hori dela eta, senide batek, lagun batek edo auzokide batek egunero bisita egin behar die, eta beharrezkoa bada, gizarte zerbitzuei laguntza eskatu behar diete.

· Medikuari kontsulta egin ordubete baino gehiago luzatzen diren sintomak, tenperatura altuekin lotura daukatenak, edukiz gero (ahultasuna, nekaldia, zorabioak, goragaleak, konortea galtzea,...)

· Sendagaiak leku freskoan jarri, beroak bere konposizioa eta efektua alda baitezake.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

· Norbaitek intsolazioa izan badu (azal gorrixka, beroa eta lehorra; pultsu azkarra, buruko min handia) eraman leku fresko batera, estali burua eta besapeak bustitako konpresa hotzekin, bikarbonatoa duen ur gatzatua eman edateko.

· Konorterik gabe dagoela gonbitoak botatzen baditu, jar iezaiozu burua alde batera eta mantendu arnas bideak libre.

Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.