Baratze parkeko handitze lanak amaitu dira

Kutxa Ekoguneko Baratza Parke sarea proiektuko parte den Ordiziako baratze parkea 35 baratzekin jarri zen martxan 2018 urtean. Baratza eskuratzeko itxaron-zerrenda bat geratu zen eta herritar gehiagok interesa erakutsi dutenez, Udalak baratza parkea handitzea erabaki zuen. Baratze parke honetan 24 baratza gehiago egin dira beraz denetara, Ordiziako Baratze Parkean 59 baratza daude gaur egun.

Baratza berri hauen zozketa uztailaren 2an egin zen eta orain, baratza guztiak esleitzen ari gara. Baratza gabe geratu diren herritarrak itxaron-zerrenda berri batetan geratu dira guztira 29 herritar daudelarik.

Baratza berri hauetan lanean hasita daude batzuk eta beste batzuk laster hasiko dira. Azken asteetan eman den COVID-19 kasu positiboen gorakada dela eta alarma egoera bitartean lan egiteko hartu ziren neurriak errespetatu beharko dituzte berriro ere baratzezain guztiek:

  • Erabiltzaileak sintomarik badu, etxean geratuko da.
  • Norberaren eta gainerakoen osasuna arriskuan ez jartzeko arretaz aritu eta pertsonen arteko gutxieneko 2 metrotako segurtasun tartea errespetatu behar da.
  • Maskararen erabilera derrigorrezkoa
  • Baratza bakoitzeko erabiltzaile bakar bat arituko da.
  • Lanabesen biltegian eta aldageletan pertsona bakarra sartu eta sartu aurretik eta ondoren eskuak modu egokian garbituko ditu ura eta xaboiarekin.
  • Norberak beharko duen xaboia, desinfektatzeko produktuak, eskuak lehortzekoa eta behar izanez gero, bestelako babes neurriak eramango ditu.
  • Erabilitako lanabesa, ateetako heldulekuak eta gainontzeko gainazal arriskutsuak, garbitu eta desinfektatuta utzi behar dira.