Gazta txapelketa izango da Euskal Jaietako ekintza bakarra

Guztiok ezagutzen dugun egoera honek ekarritako baldintza bereziak direla eta, ez da Euskal Jaietako azoka berezirik egingo asteazken honetan, ez eta bertan egoten diren abere eta barazkien erakusketa edo lehiaketarik. Egingo den ekitaldi bakarra Ardi Latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako Gazten XLVII. Lehiaketa izango da.

Neurri bereziak hartuko dira ekitaldirako. Hain zuzen ere, Beti Alai pilotalekuan egingo da, eremu itxian, segurtasun neurriak betetzeko, eta gonbidapena beharko da ekitaldira joateko. “Artzainentzat eta Idiazabal Gaztarentzat urte zail honetan oso lagungarria delako, lehiaketa mantentzeko esfortzua egin du Ordiziako Udalak, urteroko legez, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiaren laguntzarekin, nola ez, Idiazabal Jatorrizko Izendapenaren babesarekin, eta urtengoa bezalako urte zail batean, betiko laguntza eskaini digan Kutxa Fundazioaren laguntzarekin. Eskerrak bihotzez guztiei”, zehaztu du prentsaurrekoan Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Gonbidapena duten artzain eta agintariak, epaimahakideak, antolatzaileak, akreditatutako kazetariek eta enkantean parte hartuko dutenek baino ezingo dute sartu, “COVID-19ak eragindako segurtasun neurri bereziek antolaketa eta distantziak zorrozki bermatzera behartzen gaituelako”, gehitu du Ezenarrok. Zentzu horretan, gazta epaimahaikideen artean banatzerakoan ere, neurri bereziak hartu dira, gazta ez ukitzeko, desinfekziorako gel bereziak erabiliko dira eta higiene neurriak indartu dira.

Lehiaketaren finala streaming bidez emango da eta Ordiziako Udalaren Youtube plataformako kanaletik jarraitu ahal izango da, 14 gazta finalisten norgehiagoka, sari banaketa, eta noski, gazta irabazlearen erdiaren enkantea online jarraitu ahal izango duzue, eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Gainera, frontoiaren kanpokaldean, azken hamar urteetan txapelketa irabazi duten artzainek postuak jarriko dituzte, eta salgai jarriko dituzte gaztak.

Sariak mantendu dira, eta urrezko kutxa saria irabazteko aukera dute bi artzainek, azken 10 urteetan dagoeneko bi bider irabazi eta hirugarrengoan aurten irabaziko balute.

1.go saria: txapela, diploma Kutxa garaikurra, 1.750€ eta 12.000 pegatina gaztetan jartzeko Ordiziako irabazlea izan dela. (Urrezko Kutxa saria azken hamar urteetan hirugarren aldiz irabaziko balu)

2. saria: Ordiziako Udalaren garaikurra, diploma eta 850€

3. saria: Ordiziako Udalaren garaikurra, diploma eta 500€

4 saria: diploma eta 250€

5. saria: diploma eta 220€

AURREIKUISTAKO ORDUTEGIA:

8:30-9:00 gaztak frontoira eramango dira.

9:00-10:00 egiaztapen prozesua, kaseina, ziurtagiriak… (Kalitate Batzordea)

Notario aurreko zozketa gaztak izendatzeko

10:00ak harrera

Gaztak kokatu, gaztak izendatu, gaztak banatu…

10:30 Hasiera ofiziala. Dastatzearen hasiera, teknikariak mahaietan

12:00etan streamingaren hasiera, 14 finalistak

13:00ak aldera emaitzak

13:30 sari banaketa eta enkantea.