Patxi Lopez de Uraldek irabazi du Gazta Lehiaketa

Gaur goizean zehar jokatu da Latxa edo Karrantzako ardiaren esne gordinez artzainek egindako XLVII. Gazta Lehiaketa, Ordizian. Bertan, Patxi Lopez de Uralde Fernandez (Larrea) izan da garailea, 1633,5eko puntuazioa lortuz.

“Izugarrizko poza da sentitzen dudana”, azaldu du Pascual Lopez de Uraldek, Adur Ezenarro, Ordiziako alkatearen eskutik saria jaso ondoren.

Bigarren saria Araiako Unai Lekuona Ruiz de Luzuriagak eskuratu du (1630,5), eta hirugarrena Elgoibarko Mausitxa izan da (1629,5). Laugarren eta bosgarren postuak, berriz, Zabaleta (Munain, 1622,5 puntu) eta Ipiñaburu (Zeanuri, 1612 puntu) izan dira.

Egun berezia izan da dudarik gabe, hartu diren segurtasun eta higiene neurriek eraginda. Ateak itxita egin da ekitaldia, eta gonbidapenarekin bakarrik sartu ahal izan dira bertara.

Guztira 43 gazta aurkeztu dira lehiaketara, 22 gazta zuri eta 21 ketuak. Lehen bi sailkatuak eta laugarrenak gazta ketua aurkeztu dute, eta, aldiz, Mausitxak eta Ipiñaburuk zuria

Enkanteari dagokionez, Donostiako Igara auzoan dagoen Tecnomoto enpresako Alberto Fernandezek eskuratu du gazta erdia, 9.200 euroan.

Bestalde, Ezenarrok lehen sektoreari babesa erakutsi dio: “herritarrak gonbidatzen ditut lehen sektoreko produktuak kontsumitzera, gure baserritarrek eskaintzen dizkiguten produktuen aldeko hautua egitera”.