KZgunea bihar zabalduko da, Torrea eraikinean

Ordiziako KZgunea Santa Maria kaleko 4. zenbakiko Torrea etxera eraman dute. Zentroa azaroaren 12an irekiko da eta honako ordutegia izango du: 9:00etatik 13:00etara, astelehenetik ostiralera.

KZguneak gela bakarra du nabigaziorako eta formakuntzarako. Bertan, formakuntzarako 8 ordenagailu eta nabigaziorako 3 daude erabilgarri. Gaur egun, Covid-19aren ondoriozko segurtasun- eta higiene-neurriak mantentzeko, erabiltzaileek 4 ekipo bakarrik erabili ahal izango dituzte.

Halaber, zentroak inprimagailu bat du behar dutenentzat (gehienez 5 inpresio eguneko eta erabiltzaile bakoitzeko), bai eta proiektagailu bat ere, formakuntza-plataformaren edukiak eta KZguneko ikastaroak emateko erabiltzen diren beste web-baliabide batzuk ikusteko. Azkenik, KZguneak WiFi konexioa ere badu prestakuntza-saioetan erabiltzeko.

Bestalde, harremanetarako telefono-zenbakia 943 023 673 da oraindik ere, eta erabiltzaileek bertara deitu behar izango dute telefono bidezko hitzordua eskatzeko eta, horrela, zentrora bertara joateko (aurretiko hitzordua KZgunearen webgunetik ere kudea daiteke, hemen klik eginda).

Era berean, Ordiziako KZguneak datorren azaroaren 16an ekingo dio aurrez aurreko formakuntzari. Oraingoz, katalogoan eskuragarri dagoen ikastaroren bat egin nahi duten erabiltzaileek itxaron-zerrendan eman beharko dute izena, www.kzgunea.eus webgunearen bidez edo telefonoz.

Azkenik, gogoratu zentrora joaten diren pertsona guztiek maskara eraman behar dutela. Izapideren bat egin behar dutenek boligrafo bat eraman beharko dute berekin dokumentuak sinatzeko. Gainera, beste segurtasun-neurri batzuk ere errespetatu beharko dira, hala nola, eskuen higienea gel hidroalkoholikoarekin eta segurtasun-distantzia mantentzea.