Zurrumurruen aurka batu da Ordiziako Udala

“Ordizia betidanik izan da harrera herria eta udalarentzat garrantzitsua da horrela izaten jarraitzea, gurera datozenak ongietorriak eta gure herriko kide aktibo sentitzea da gure helburu nagusia”, agertu du Ainhoa Jimenez, Ongizate zinegotziak.

Duela urte batzuetatik hona, asko dira Ordizia bizileku bezala aukeratu duten pertsonak eta dagoeneko atzerriko jatorria duten komunitateak osatuta daude herrian. “Guretzako, garrantzitsua da, bakoitzaren ohitura eta kultura ere ezagutzea eta gurean integratzea, Ordizia herria kolore biziz osatua dagoen komunitate anitz moduan irudikatuz”, gehitu du.

Ordiziako datuei erreparatuz, atzerriko jatorria duten pertsonek, Ordiziarren %18a osatzen dute gutxi gorabehera. “Horrek esan nahi du, gure herria hizkuntza eta kultur aniztasunaz gozatzeko aukera dugula urrutira mugitu beharrik gabe, eta hori altxor bezala bizi behar dugula sentitzen dugu”, azaldu du zinegotziak. Besteak beste, Errumania, Maroko, Pakistan, Nigeria, Ekuador eta Nicaraguakoak dira.

Ordiziako Udalarentzat oso garrantzitsua da Ordizian bizi diren pertsona guztiak bizitza errespetuz eta duintasunez garatzea, eta hori hala izaten jarraitzeko ahalegin guztiak egiten jarraituko dutela zehaztu du Jimenezek.

Gainera, Aniztasun Sailarekin batera, Ongi Etorri Ordiziara harrera plana garatzeko lanak hasia dira, eta aurretik dauden proiektuen berrikusketa eta etengabeko hausnarketan dabil Udala lanean.

Azaroa hilabete berezia izan ohi da, aste kulturala ospatzeko ohitura izan delako urteetan zehar, eta horien artean ekimen nabarmenetako bat izan ohi da Beti Alai pilotalekuan egiten den munduko arrozen bazkari herrikoia. Aurten egoerak, zoritxarrez, hau ere bertan behera utzi beharra izatea ekarri du, baina, badaude beste hainbat ekintza; horien artean, Zurrumurrurik ez! Kanpaina.

Bi hitzaldi

“Oso ohikoa da ezezagunaren aurrean zurrumurruak sortzea, eta horiek elkarbizitzarentzako oztopo besterik ez dira”. Udaletik, kanpaina honetan alea jarriko da, bi hitzaldi mota antolatu dira. Batetik, ostiral honetan modu itxian, Udal langileek, zinegotziek eta herriko zenbait eragilek, hala nola hezkuntzan, enpleguan, osasunean… lanean dabiltzanak formazio hitzaldia jasoko dute Generoa eta biolentzia matxista izenekoa, bertan atzerritartasun legea eta genero indarkeriaren aurkako legea landuko da besteak beste.

Eta asteazken honetan, azaroaren 18an, berriz, saio irekia burutuko da Barrena Jauregian, hau streaming bidez jarraitzeko aukera ere egongo da (https://eu.bbcollab.com/guest/7a7881c847d1444b99e5c219c0e9cba3). Atzerritar jatorriko biztanleak Ordizian eta EAEn izenburupeko hitzaldi batean, bertako eta EAEko datuak aztertu eta azalduko ditu Oier Ochoa Aspaburu Ikuspegi, Inmigrazioaren Euskal behatokiko kideak.

“Dei egiten dizuegu Ordiziaz guztioi bertan parte hartzera eta elkarrekin Ordiziako komunitate anitza marrazten jarraitzera”, amaitu du Jimenezek.