[Adierazpena] Asteburuetan gauetako jokabideen aurrean
Partaidetza eta komunikazioa
Ordiziako Udalbatzak kezka adierazi nahi du azken asteburuetan Barrenako parkean bereziki, baina baita herriko beste hainbat eremutan ere, gauez ematen ari diren jokabideen inguruan.
Jende pilaketa handiak, bizilagunen deskantsua galarazten duen musika ozena, eta bilkura ondoren biharamunean topatzen dugun zabor mordoa. Udal langileak ezinean aritu behar izaten dira hondakinak jasotzeko, eta lorategietan barrena apurtutako beirazko botilen hondarrak geratzen dira, biharamunean haurrak jolasean dabiltzan lekuetan.
COVID19ak gure bizitzak errotik aldarazi ditu, eta urte bete baino gehiago daramagu neurri bereziekin bizitzen. Ulertu liteke elkartzeko gogoa, baina ordiziarrak ere oraindik hiltzen ari dira gaixotasunaren ondorioz. Parkean dabiltzanak, gure seme-alabak, senitartekoak, bizilagunak edo lagunak dira, eta horregatik, dei egin nahiko genieke ordiziar guztiei denon artean bizilagunenganako errespetua berma dezagun, sortzen ditugun hondakinak jasotzea eta birusaren zabalkundea ekiditen duten segurtasun neurriak betetzea.
* Adierazpen hau, indarrean dauden neurrien gogorarazpenarekin batera bando moduan jarriko da atari guztietan.