San Jose egoitza berriro COVID zentro bilakatuko du Aldundiak. Hala ere, Udalak egoiliarren eskaerak Aldundiari helarazi ondoren bertan jarraitzea erabaki ahal izan dute 15 egoiliarrek

 

Ordiziako Udalak San Jose Egoitzaren eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiaren KABIA erakundearen esku utzi zuen, zerbitzua behar duten ordiziarrei eta eskualdeko herritarrei bermatzen jarraitzeko.

Pandemiaren eraginez egoitzan berrikuntza obrak egiteko bertako 29 egoiliarrak atera ziren 2020ko maiatzean (pandemia hasi zenean 65 inguru ziren) , baina urrian lanak amaitu ondoren ezin izan zuten Ordiziara itzuli, eraikuntza COVID egoitza bilakatu zelako. Lanen helburua egoitzako hiru solairuak modu independentean funtzionatzea izan zen, eta orain guztira 58 plaza daude: 21 plaza lehenengo solairuan, 19 plaza bigarrengoan eta 18 plaza hirugarrengoan.

Azkenean, 2021eko maiatzean 14 egoiliarrek Ordiziara itzultzeko aukera izan zuten, eta lehenengo solairuan kokatu zituzten. Lehen solairuan libre geratu ziren plazak erabiltzaileei berriei eskaini zitzaizkien eta guztira 20 egoiliar daude gaur egun.

Orain, berriz ere, pandemia egoitzetan izaten ari den eragina ikusita Aldundiak Ordiziako San Jose egoitza COVID egoitza bihurtuko du berriro ere. Aldundiaren hasierako proposamena bertan dauden egoiliarrak berriro beste egoitzetara mugitzea zen, baina egoiliarrek beraiek eta senideek Ordizian geratzeko nahia helarazi diote Udalari eta horregatik Aldundiari eskatu zaio familiek erabakitzeko aukera izatea. Azkenean  20 egoiliarretatik 15ek Ordizian geratzea erabaki dute, eta hirugarren solairuan kokatuko dira. Gainerako bi solairuak erabiliko dira COVID egoitza bezala, beste egoitzetan positibo ematen dutenak artatzeko.