Ordiziak 2,9 milioi euro lortu ditu Next Generation-en turismo deialditik

Ordiziako Udal Next Generation diru-laguntzen hiru deialdian aurkeztu da eta gaur goizean, Donostiako Miramar Jauregian Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Turismoko bigarren Lurralde Planean onartutako proiektuak aurkeztu ditu. Bertan, Ordiziak 2,9 milioi euro eskuratu ditu, 2.920.000 euro, zehazki, Ordizia, lurraldearen dastamena (Ordizia, saboreando territorio) proiektua garatzeko. (Plan de recuperación, transformación y resihilencia de la UE. Programa extraordinario de planes de sostenibilidad turística en destinos (Ministerio de Industria, Comercio y Turismo).
 
“Izugarrizko albiste ona da hau, ia hiru milioi euro lortu ditugulako”, adierazi du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. “Eskatutakoa ia bere osotasunean lortu dugu, eskatutakoaren %92,5a. Lan handia egin dugu deialdi hauetara proiektuak aurkezteko, baina bere fruituak ematen ari da esfortzua”, gehitu du.  
 
Dirulaguntzaren nondik norakoa azaldu du Ezenarrok: “dirulaguntza hau Oiangu eraberritzeko, Oiangu baserria aterpetxe bezala egokitzeko eta Oianguko golf zaharraren eraikina balio anitzetarako harrera eraikin bezala egokitzeko izango da. Horrez gain, D´elikatuz zentroa Goierriko bisitarien arreta gune eta Ordiziako azokaren interpretazio zentroan bilakatuko dugu eta Ordiziako gaztandegia birkokatuko dugu”.
 
Planaren ardatza Ordiziako harrera-azpiegiturak hobetzea da. Ordizia Goierri eskualdearen sarbidea da eta Oiangu, Aralar Parke Naturalekoa. Produktu turistiko naturala da, eta paisaia-, ondare-, kultura- eta gastronomia-mugarriak balioesten ditu, iraunkortasun hirukoitzeko irizpideekin: ingurumena, ekonomia eta gizartea. Ordizia Goierrira sartzeko sarbide gisa indartzea da helburua, bisitarien harrera hobetuz, eskualdea baserrietan (baserriak), landa paisaiaren ustiapen txiki jasangarrietan (Km0-ko produktuekin asteko azoka elikatzen dutenak) eta balio natural handiko espazioetan oinarritutako ulermena emanez.