Ordizia 2030 Ekintza Plana osatu eta berritzeko herritarren ekarpenak jasoko dira bi saiotan
“Ordiziak 2021eko uztailean aurkeztu zuen 2030 Ekintza Plana. Txosten honetan jasotzen dira datozen urteetarako gure herriak dituen erronkak. Gizartea eraldatzen doan heinean beharrak ere aldatzen joaten dira, eta Ekintza Plana eguneratzea ezinbestekoa da bide orri garbia izateko”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. Hala, otsailaren 6an eta 15ean, 18:30ean, bi parte hartze saio ireki egingo dira, eta herritarrei zein herriko eragileei dei egiten zaie bi saio hauetan parte hartzeko. Orain arteko lanen balorazioa ere egin du alkateak: 210 ekintzetatik 56 egin dira, 83 martxan daude, eta 71 epe laburrean bideratuko dira”.
“Garrantzitsua da herritarren parte hartzea izatea prozesuan, elkarrekin osatzeko eta eguneratzeko Ekintza Plana”, nabarmendu du. Garapen Iraunkorrerako 2030 agendaren helburuak lortzeko hiru azpi atal daude:
Herritarrak. Ordiziako biztanleen ongizatea eta bizi kalitatea hobetu eta bermatzeko hartuko diren neurriak azaltzen dira. Elkar hezten eta zaintzen gaituen komunitate inklusiboa, euskalduna, feminista, anitza eta justua lortzeko 11 helburu eta 64 ekintza aurreikusten dira.
Lurraldea. Ordizia herri atsegina, berritzailea eta jasangarria lortzeko bidean hartuko diren neurriak daude. Oinarrian, trantsizio ekologikoan oinarrituz, azoka eta elikadura subiranotasuna bultzatzea, balio erantsia duen bertako ekonomia sustatzea, beharrezko azpiegiturak eraikitzea,… Ordizian, bizi, erosi, ikasi eta lan egiteko aukera ahalbidetzeko 11 helburu eta 124 ekintza aurreikusten dira.
Antolamendua. Bi helburu jasotzen dira atal honetan: herritarren beharrei erantzuteko komunikazio eta arreta zerbitzu zuzena, gardena eta eraginkorra eskaini; eta administrazio moderno, jasangarri eta eraginkorra lortzeko 22 ekintza zehatz.
Parte hartze saioak
Lehena otsailaren 6an izango da, asteartea, 18:30etan, Barrena jauregian. Bertan ekintza-planaren Lurraldea eta Antolaketari atalari dagokion edukia eztabaidatu eta ekarpenak egin ahal izango dira. Hala agertu du Maitane Alvarez alkateordeak: “herriaren hiri-garapena, garapen ekonomikoa, mugikortasuna eta naturaren zaintzari lotutako gaiak landuko ditugu, batez ere”. Gainera, antolaketa atalean herritarren arreta zerbitzuari eta komunikazioari dagozkion lerroak ere jorratuko dira.
Bigarren saioa, bestalde, otsailaren 15ean, osteguna, izango da. 18:30ean egingo da, Barrena Jauregian. “Herritarrak arloarekin harremana duten gaiak landuko ditugu, besteak beste, gizarte-ongizatea, berdintasuna, osasuna, euskara eta kulturari helduz”, berretsi du Ainhoa Jimenez, Berdintasun eta Ongizate zinegotziak.
Hala, gonbitea helarazten zaie herritar guztiei parte hartze saio hauetara gerturatu eta iritzi zein proposamenak egiteko.