Artilearekin moda jasangarria sortzeko proiektuak irabazi du Goierriko Enpresa Ekimen Berrien lehiaketa
Goiekiko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketak sari banaketa ekitaldia egin du gaur, Goiekiko auditorioan, Ordizian. Lehiaketak 27. edizioa bete du aurten eta bertan, lehiaketako saridunekin batera, udaletako ordezkariak, enpresa babesleak, Goierri Eskolako ikasleak eta eskualdeko beste hainbat eragile elkartu dira.
Adur Ezenarrok, Goiekiko presidenteak, ireki du ekitaldia eta jarraian, Maialen Sanchezek, Goiekiko Ekintzailetza arloko arduradunak, hitza eman eta gero, HINEko Mikel Arrizabalaga eta Manu Egañak hitzaldi bat eskaini dute, Hineren 50. urtemuga dela eta.
Hitzaldien ostean, Enpresa Ekimen Berrien XXVII. Sariketari ekin zaio. Hiru maila edo kategoriatan banatzen da sariketa, eta hauek izan dira maila bakoitzeko irabazleak:
- ENPRESA EKIMEN BERRIKO PROIEKTU ONENA:
- Saria, 6.000€, ALAINE ALBISU -rentzat izan da.
- ENPRESAN BURUTURIKO PROIEKTU BERRITZAILE ONENA:
- Saria, 2.000€, CALDERERÍA AITZGORRI enpresarentzat izan da.
- EKINTZAILETZAREN BITARTEZ GIZARTE INKLUSIO PROIEKTU ONENA:
- Saria, 2.000€, CVS Instalazio Elektrikoak -rentzat izan da.
Enpresa Ekimen Berriko proiektu onenaren saria ALAINE ALBISUrentzat izan da. Proiektu honen atzean dagoen pertsona, Alaine Albisu, 20 urteko ekintzaile bat da pasioz eta esfortzuz lan egiteko gogoarekin. Gure eskualdean ohikoa ez den sektore batengatik apustua egin duena eta tradizioa, teknologia, ingurumena eta digitalizazioa txertatu dituena. Diseinatzaile gisa, tokiko baliabideei balioa ematea da bere egitekoa, Merino eta Latxa artileari, esaterako, moda jasangarria sortzeko. Poltsak egitetik kardiganak egiteraino. Bere balio garrantzitsuenak diseinu esklusiboa, material berritzaileak, pertsonalizazioa eta trazabilitatea dira.
Bigarren kategoriako saria, Enpresan buruturiko proiektu berritzaile onena, CALDERERÍA AITZGORRI enpresarentzat izan da. Enpresak jarraikortasunaren ondorioz seme-alabaren eskuetara pasa zen kudeaketa eta orduz geroztik, eraldaketa prozesu batean murgildu da; datuen gobernantzatik abiatuta digitalizazio prozesu garrantzitsu bat garatu dute, inbertsio garrantzitsuak egin dituzte soldadurako robot espezializatu bat eskuratzeko eta lan errepikakorrak egiteko, honek efizientzian, kalitatean eta balio proposamen handiago bat eskainiz, eta guzti honen eskutik dibertsifikazioa garatu dute bai eskaintzen dituzten zerbitzuen artean, bai merkatuetan.
Hirugarren kategoriako saria, CVS Instalazio Elektrikoak proiektuarentzat izan da, Valentín Cristi Saracu-k sortutakoa. Bere ibilbide pertsonalean izandako zailtasunez gain, martxan jarri duen proiektuak bere laneratzea eta integrazioa lagundu du. Gremioen sektorean identifikatutako profesional-gabeziak motibatu du Valentin proiektua sortzera, baita negozioen jarraitutasunik ezak ere. Valentinek ofizioa ikastea erabaki du, bere burua trebatuz eta profesionaltasun ziurtagiri bat osatuz. Ikasitako guztiarekin eta egindako lan praktikekin pozik, bere kabuz jarri eta bere lanpostua sortzea erabaki du. Eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzeko ilusioa du.
Goierri Eskolako Administrazio eta Finantzatako Goi Mailako Zikloan kultura ekintzailea sustatzeko asmoz. 2023-2024 ikasturte honetan ikasleak eta enpresak harremanetan jarri ditugu beste behin, enpresak planteatu duten behar zehatz baten inguruan bideragarritasun plan bat lantzeko asmoz. Guztira 5 proiektu landu dira, beraz, azken kategoria honek ekintzailetza proiektu garapen onena sarituko du, kasu honetan saria HUB 4.0 landu duen taldearentzat izan da. Proiektuaren helburu nagusia 4.0 teknologiaz osatutako gune bat diseinatzea izan da, ETEen garapen teknologikoa sustatzeko. Makina batzuk gaur egun existitzen dira, baina fabrikazio gehigarrira bideratuta daude soilik. Helburua espazio handiago eta osatuago bat sortzea izan da, non, fabrikazio gehigarriaz gain, beste 4.0 teknologia batzuk ikusi eta probatu ahal izango diren. Enpresa txiki eta ertainei garapen teknologikoan lagundu nahi zaie, eta, horretarako, teknologia berriak deskubritzeko espazio oso bat eraiki nahi izan da, inbertsioak egin aurretik makinak probatu ahal izateko. Beraz, proiektuaren muin nagusia etorkizunean egin beharreko teknologia berrien azterketa izan da.