2026/27 ikasturtean, irailetik aurrera, Ordiziako Alotza haur eskola Haurreskolak Partzuergoan integratuko da, eta, ondorioz, zerbitzua doakoa izango da.
Irailean hasiko diren haurrentzako izen-ematea apirilaren 20tik maiatzaren 4ra (biak barne) egongo da zabalik. Alotza haur eskolan bertan eman beharko da izena, presentzialki, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 18:00etara. Integrazioa irailean gauzatuko denez, izen-ematea oraindik ezin da Partzuergoaren bidez egin, eta, beraz, Alotzan bertan formalizatu beharko da.
Irailetik aurrera, baina beranduago, ikasturtea hasita hasiko diren gainerako haurrek, berriz, hilabetero zabalduko diren izen-emate deialdietan eman beharko dute izena.
Dagoeneko Alotza haur eskolako erabiltzaile diren haurren kasuan, ez dute izen-emate berririk egin beharko.
Bestalde, Haurreskolak Partzuergoak ez du sukaldaritza zerbitzurik eskaintzen, eta haurrek etxetik eraman beharko dute janaria. Hala ere, Alotza haur eskolak orain arte eskaini duen sukaldaritza zerbitzuarekin jarraitzeko aukera aztertzen ari da Udala. Horretarako, familiek izen-emate orrian adierazi beharko dute zerbitzu hori mantentzeko interesa duten ala ez. Zerbitzuaren kudeaketa eta kostua familien esku egongo lirateke (guraso elkartearen bidez), nahiz eta Udalak bidelagun izateko aukerak aztertzen ari den.
Izen-emate orrian aurkeztu beharreko dokumentazioa zehaztuta dago, eta Haurreskolak Partzuergoaren esku-orrian zerbitzuari buruzko informazio osagarria kontsulta daiteke.
Azkenik, izen-emate prozesuan eta, hala badagokio, ondorengo baremazioan, Haurreskolak Partzuergoaren araudia aplikatuko da.