1000 LAGUN BAINO GEHIAGOK HARTU DUTE PARTE ATEZ ATEKO BILKETA DISEINATZEKO PROZESUAN

atezEkainaren 4an eta 5ean behin betiko bilketa sistema nolakoa izango den aurkeztuko da

Maiatzaren 6an eta 7an, Ordizian Atez Ateko hondakinen bilketa ezartzeko Sasieta Mankomunitateak prestatutako proposamena herritarrei azaldu ostean, maiatzaren 8an auzokako bilerak hasi ziren hondakinen gaikako bilketa herrira egokitzeko. Orotara auzokako 12 parte-hartze bilera egin ditu Ordiziako Udalak herritarrekin batera hondakinak gaika biltzeko eredu eraginkorrago bat sortzeko. Atzo egin ziren azken bi bilerak eta denera 1.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte.

Oso arrakastatsutzat jo ditu datuok Ordiziako Udalak, eta bertako ordezkariak oso gustura agertu dira eta balorazio positiboa egin dute parte-hartze prozesuaz: "Azken batean hondakinen bilketarako sistemarik eraginkorrena guztion artean ari gara diseinatzen. Ordiziako herritarrak asko ari dira inplikatzen eta horren fruitua da parte-hartze prozesuak izan duen emaitza eta arrakasta", azaldu du Ordiziako alkate Igor Egurenek eta herritarrak animatu ditu hemendik aurrera emango diren urratsetan ere aktiboki parte hartzera.

Auzokako bileren helburua izan da talde dinamiken bitartez hainbat gairen inguruan eztabaidatzea: egutegia, ordutegia eta maiztasuna, Garbigunea, papera eta kartoia banaka edo komunitateka jaso, edukiontziak lurrean edo zintzilik, tasak, auzokonposta eta hobariak, neurri zuzentzaileak, bolumen handiak, kasko historikoa, egoera bereziak (jaiak, gabonak, azoka...) eta kaleko zakarrontziak. Papera eta kartoia nola bildu, eta zintzilikarioak non jarri erabaki ahal izan du bizilagun komunitate bakoitzak.

Behin betiko sistemaren berri
Ordiziako bizilagunen ekarpen guztiak bildu eta aztertu ostean, ekainaren 4an eta 5ean, Atez Ateko behin betiko bilketa sistema nolakoa izango de aurkeztuko da. Hau da, maiatzaren 6an hasitako parte-hartze prozesuan landutakoan deboluzioa egingo zaie herritarrei. Amaierako batzar orokor horiek Herri Antzokian izango dira, ekainaren 4an euskaraz, eta ekainaren 5ean gaztelaniaz. Biak arratsaldeko 18:30ean.

Behin herritarrekin atez ateko hondakinen gaikako behin betiko sistema nolakoa izango den erabakita, bilketa sistema berria martxan jartzeko hurrengo urratsak emango dira. Baina horren guztiaren berri aurrerago emango da.

Informazio bulegoa
Gogoratu, maiatzaren 15ean ireki zela Atez Atekoaren informazio bulegoa. Udaletxean dago kokatuta eta asteko bi egunetan irekitzen da: asteazkenetan, 9:30-13:30 eta 17:00-19:00 artean, eta ostiraletan, 11:30-13:30 eta 17:00-19:00 artean. Bertan Leire Garmendia Udaleko ingurumen teknikaria egoten da ordiziarren kezkak eta zalantzak argitzeko. Bestalde, herritarren eskura jarri dira 608 675 791 telefonoa eta Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbide elektronikoa ere.