Uztailaren 17an, Beti Alai pilotalekuak Ordiziako Boxeo Gauaren 75. edizioa hartuko du. WBA Iberoamerikako gerrikoa izango da jokoan, eta herriko zein eskualdeko borrokalariek protagonismo berezia izango dute.
Ordiziak kirol hitzordu berezia izango du uztailaren 17an. Beti Alai pilotalekuak Ordiziako Boxeo Gauaren 75. edizioa hartuko du, Boxing Ciclo Clubek antolatuta. 1952an sortu zenetik, Gipuzkoako eta estatuko boxeo jaialdirik zaharrena bihurtu da, eta urtez urte erreferente izaten jarraitzen du.
Antolatzaileek azaldu dutenez, 75. urteurren hau aukera paregabea da jaialdiaren historia eta urte hauetan guztietan egindako lana aitortzeko. Horregatik, aurtengo edizioan omenaldi berezia egingo zaio Mariano Galarzari, Ordiziako Boxeo Gauaren eta Boxing Ciclo Clubaren sortzaile eta bultzatzaile nagusiari. Azpimarratu dutenez, haren lanari esker mantendu da bizirik belaunaldiz belaunaldi gaur egun ere boluntarioen lanari esker antolatzen den ekitaldia.
Herriko eta eskualdeko borrokalariei protagonismoa
75. edizioak nazioarteko mailako ikuskizuna eskainiko badu ere, antolatzaileek nabarmendu dute herriko eta eskualdeko talentua sustatzen jarraitzea dela jaialdiaren helburu nagusietako bat.
Horren erakusgarri izango dira ringean lehiatuko diren hainbat borrokalari, tartean Ordiziako Ander Bricio boxeolaria, Maite Maiztegi K1eko borrokalaria eta Ordizian bizi den Andoni Kortabarria, neoprofesional mailan. Haiekin batera Goierriko eta Gipuzkoako beste hainbat borrokalari gaztek ere parte hartuko dute.
Berdintasuna eta euskara, jaialdiaren balio nagusiak
Antolatzaileek azpimarratu dute Ordiziako Boxeo Gauak etorkizunera begiratzen duen ekitaldia izaten jarraitzen duela. Horregatik, genero berdintasuna eta euskararen erabilera dira antolakuntzaren oinarrietako bi.
Aurtengo karteldegian zortzi borrokaldietatik hiru emakumeen artekoak izango dira, eta antolatzaileek nabarmendu dute emakumezko zein gizonezko kirolariek tratamendu eta sari berdinak izango dituztela. Era berean, jaialdiaren komunikazio eta aurkezpen guztiak euskaraz egingo direla azaldu dute.
Lehen aldiz, WBA Iberoamerikako titulua Ordizian
Aurtengo berrikuntza nagusia WBA Iberoamerikako gerrikoaren borrokaldia izango da, lehen aldiz Ordizian eta Gipuzkoan jokatuko dena.
Borrokaldi nagusian Erlantz Tejadak Rodrigo Caraballoren aurka neurtuko ditu indarrak hamar asaltoko lehian. Tejadak iaz Ordizian bertan egin zuen debuta profesional gisa, eta 2025ean Espaboxek Espainiako debut profesional onenaren saria eman zion. Orain, bere publikoaren aurrean nazioarteko titulua eskuratzeko aukera izango du.
Jaialdia uztailaren 17an izango da, 22:00etan, Beti Alai pilotalekuan. Sarrerak salgai daude Amonane eta Nerea tabernetan. Eta bertaratu ezin dutenek streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute. Antolatzaileek herritar guztiak parte hartzera eta 75 urteko historia ospatzera gonbidatu dituzte.