Image
Image

Euskara ikasteko dirulaguntzak eta bi talde berri sustatuko ditu Udalak

Euskara ikasteko dirulaguntzak eta bi talde berri sustatuko ditu Udalak

Euskara ikasteko laguntzak eskatzeko aukera izango dute herritarrek, eta, aurten, gainera, jubilatu eta pentsiodunentzat zein gurasoentzat doako bi talde antolatuko dira.

Ordiziako Udalak euskara ikastea sustatzeko hainbat baliabide eta laguntza eskaintzen ditu, herritarrei euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko eta ikasketa-prozesua errazteko. Horien artean daude euskara ikasteko ohiko dirulaguntzak, baita aurten antolatuko diren bi talde berri ere.

Euskara ikasteko udalaren dirulaguntzak

Udalaren dirulaguntzen bidez, Ordizian erroldatutako pertsonei matrikularen % 100 itzuliko zaie, baldin eta ikastaroak 530 eurotik beherako kostua badu. Ordizian erroldatuta ez dauden pertsonek, berriz, matrikularen % 85eko laguntza jaso ahal izango dute, baldin eta baldintza zehatzak betetzen badituzte.

Besteak beste, laguntza jaso ahal izango dute Ordizian kokatutako eta euskara-plana duten enpresetako arduradun eta langileek, euskara-hitzarmena sinatu duten herriko merkataritza-establezimenduetako arduradun eta langileek, eta euskara sustatzeko hitzarmena duten kirol-taldeetako begirale eta entrenatzaileek.

Dirulaguntzak jasotzeko, 16 urtetik gorakoa izatea eta klaseetara gutxienez % 80ko asistentzia izatea eskatzen da. Gehienez, urtean 530 euro jaso ahal izango dira; barnetegien kasuan, muga 650 eurokoa izango da.

Informazio gehiago eskuratzeko, herritarrek Ordiziako Udalaren Euskara Zerbitzura jo dezakete:

Euskara Zerbitzua Kale Nagusia, 26; Telefonoa, 943 80 56 22; edo www.ordizia.eus

Euskara ikasteko bi talde berri

Udalak, gainera, bi talde berri sustatuko ditu 2026-2027 ikasturtean, euskara herritar gehiagorengana hurbiltzeko eta ikasketa-prozesuan lehen urratsak emateko aukera eskaintzeko.

Zuhaizti zentroan jubilatu eta pentsiodunentzat hasierako mailetako euskara-taldea osatu nahi da. Taldean parte hartzen duten ikasleek ez dute kosturik izango, eta izen-ematea Zuhaiztiko bulegoan edo Goiztiri AEK euskaltegian egin ahal izango dute, irailaren 22ra arte.

Bestalde, gurasoentzako A0 mailako talde bat sortu nahi da, euskara hutsetik ikasten hasi nahi dutenentzat. Alotza haur-eskolan, Jakintza Ikastolan edo Urdaneta-Oianguren BHI ikastetxean seme-alabak matrikulatuta dituzten gurasoek eman ahal izango dute izena, betiere A0 mailako ikasleak badira.

Taldea AEKren lankidetzarekin antolatuko da, eta eskolen egunak eta ordutegiak taldea osatutakoan adostuko dira. Astean bi saio izango ditu, guztira urtean 165 orduko ikasketa-prozesuarekin.

Eusko Jaurlaritzaren Euskara Bonuaren bidez, A0 mailatik A2 mailara arteko ikasketak diruz laguntzen dira. Bonuak 120 euroko kostua du, eta Ordiziako Udalak bere gain hartuko du izena ematen duten gurasoen bonuaren kostua. Beraz, talde honetan parte hartzen dutenek doan ikasi ahal izango dute.

Gurasoen taldean izena emateko, interesdunek Goiztiri AEK euskaltegira jo beharko dute, irailaren 22a baino lehen.

Udalak herritarrak animatu ditu euskara ikasteko eskaintzen diren aukera hauek baliatzera eta euskararen ezagutza zein erabilera sustatzen jarraitzera.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza