HERRITARREKIN PARTAIDETZAKO TOPAKETETAN ORDIZIA EREDUGARRI

2013-06-08 14.00.04Igor Eguren alkateak eta Nikola Foroni partaidetzako adituak aurkeztu zuten atez atekoaren inguruko herriko partaidetza prozesua, Kursaalean

Ostegunean hasi, ekainak 6, eta larunbata bitartean, ekainak 8, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta herrialdeko udalen Herritarrekin sareak antolatutako "Herritarrekin" topaketak ospatu dira Donostiako Kursaalean.

Topaketen helburuetako bat izan da 2011-2015 agintaldiko lehen bi urteetan herritarren partaidetzaren inguruan garatutako esperientzia ezagutzera eman, bertatik ikasi eta balioan jartzea, eta, etorkizunerako jakintza eta indar berriak eskuratzea.
Herritarrak, gizarte eragileak, maila teknikoan gaia lantzen dutenak eta Euskal Herriko, Gipuzkoakoak batez ere, tokiko erakundeetako ordezkariak izan ziren parte hartu zutenak..

Lehen bi egunetan, 6 eta 7an, herritarrentzako ekitaldi irekiak eskaini ziren, Horietan Latino Amerikako eta Europako hainbat adituk, Marta Harnecker-ek eta Theo Schiller-ek besteak beste, hitzaldiak eman zituzten. 7an bertan maila teknikoan (erakunde publikoetan, unibertsitateetan, enpresetan, etab) gaia lantzen dutenen eta gizarte eragileen txanda izan zen baita ere. Eta amaitzeko larunbatean, 8an, Euskal Herriko eta Gipuzkoako tokiko erakundeetako hautetsiak elkartu ziren.

Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako zuzendariak, bere aldetik, "Herritarrekin" topaketaren garrantzia nabarmendu eta udalekin hasitako elkarlana goraipatu zuen, etorkizuneko erronkei heltzeko "hitzordu garrantzitsua" izango dela gaineratuz.
Ordiziari dagokionez, Igor Eguren alkatea eta Nikola Foroni partaidetzako aditua izan ziren atez atekoaren inguruko herriko partaidetza prozesua aurkezteko arduradun.