Image
Image
Udaberria Transloratzen: bost urte LGTBI+ errealitatea gizarteratzen

Maiatzarekin batera, ‘Udaberria Transloratzen’ zikloa ospatuko da Ordizian, bosgarren urtez. Aurten ere, LGTBI+ kolektiboaren errealitatea ezagutarazi eta LGTBIfobiaren aurkako kontzientzia zabaltzeko hainbat ekitaldia egingo dira herrian.

Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, “duela bost urte antolatu genuen aurrenekoz ‘Udaberria Transloratzen’; konpromiso batetik sortutako ziklo bat izan zen eta konpromiso horri helduz urtez urte errepikatzen duguna. Oso kontziente baikara gizartearen begirada transformatzeko erronka horri oraindik ere heldu behar diogula”.

Duela 5 urte, “Trans errealitateari ikusgarritasuna emateko helburuarekin” sortu zen ziklo hau, baina urtez urte, “ekimen eta gai ugari batzen joan gatzaizkio, gure gizartean isilduak izan diren kolektiboei ahotsa emateko erronka horri helduz eta batez ere gure gizartea sentsibilizatu eta formatzeko asmoz”.

Gaur bertan abiatu ditugu aurtengo zikloko ekintzak, ikastetxe mailan LGTBIfobiaren aurrean kontzientziatzeko tailerrak eskainiz DBH1eko ikasleei.

Ostiralean Xerka argazki erakusketaren inagurazioa eta hitzaldia izango ditugu Barrena Kultur etxean. Erakusketa horretan Euskal landa eremuko LGTBI+ komunitatearen istorio eta erretratuak ikusteko aukera izango dugu. Hitzaldia Joseba Olagarai eta Martxel Larraza eskutik jasoko dugu eta ordiziarra den Xarma Leonek ere gonbidatu berezi moduan parte hartuko du bertan. Erakusketa maiatzaren 16ra arte egongo da ikusgai.

Etxeko txikienengana iristeari ere garrantzia handia ematen diogu eta bide horretan, liburutegiko arduradunekin batera ipuin kontaketa bat antolatu da, “Printsesak maite zituen printsesa” 5-7 urte bitarteko haurrei zuzendua.

Eta horrez gain LGTBI+ liburuen txokoa ere sortuko da hilabete honetan zehar.

Maitzaren 13an Mer Gomez idazlea izango dugu Udaletxeko Batzar Aretoan. Kasu honetan “Las Hermafroditas del siglo XXI” liburua aitzakitzat hartuta intersexualitatearen inguruko tailer bat antolatu nahi izan dugu.  Bertan parte hartzeko izen ematea gaur bertan irekiko dugu.

Maiatzaren 17an LGTBIfobiaren  Aurkako Nazioarteko Egunean, dagoeneko ohitura bilakatu den ikuskizuna izango dugu. Euskal Trabestien Showa.

Guretzako hau ikuskizun bat baino gehiago da. Izan ere, Udaberria Transloratzen bezalako zikloen helburu nagusia gizartearen gehiengora iristea dela esan badugu ere, askotan zaila da jendea gerturatzea eta antolatutako hitzaldietan partea hartzea. Ikuskizun honek herriko plaza hartzen du, Larunbat arratsalde batean, arratsaldeko 19:00etan. Eta horrek balio erantsi bat duela uste dugu. Isilaraziak izan diren horiei ahotsa emateko modua ere bada.

Zinegoak jaialdiko laburmetraien emanaldiarekin emango diogu amaiera aurtengo zikloari, maiatzaren 29an herri antzokian.

cartel Udaberria Transloratzen 2025 IG

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza