Aste honetan ekingo diogu Udaberria Transloratzen zikloari Ordizian, aurten seigarren urtez. LGTBI+ kolektiboaren errealitatea ezagutarazi, aniztasuna balioan jarri eta LGTBIfobiaren aurkako kontzientzia zabaltzea du helburu egitasmoak, eta horretarako askotariko ekintzak antolatu dira apiriletik maiatzera bitartean.
Adur Ezenarro alkateak nabarmendu duenez, “duela sei urte abiatu genuen ziklo hau, konpromiso argi batetik: gure herrian aniztasuna ikusgarri egitea eta gizartea sentsibilizatzen jarraitzea. Urtez urte egitaraua aberasten joan da, eta gaur egun ezinbesteko erreferentzia bihurtu da”.
Egitarauari dagokionez, hainbat kultur eta sentsibilizazio ekintza izango dira herrian zehar.
Apirilaren 17an, Herri Antzokian Eros eta Afroditaren aitortzak musikala eskainiko du Elur Etxeak; sarrerak, aurrez Kutxabank-en internet bidez eta lehiatilan eros daitezke, 12 euroan. Gainera, DBHko ikasleentzat emanaldia ere egingo da, asteazkenean.
Maiatzaren 6an (10:00- 13:00 /16:00-19:00), Berdindu orientazio zerbitzua izango da, sexu-orientazioari eta genero-identitateari buruzko informazioa eta arreta eskaintzeko, LGTBI+ pertsonentzat zein haien senide eta ingurukoentzat. Zerbitzua irekia izango da, eta aldez aurretik hitzordua hartzeko aukera ere egongo da (
Bestalde, Galtzagorri elkartearen Itsaspeko bihotzak erakusketa didaktikoa ere izango da maiatzaren 4tik 14ra, haur eta gaztetxoentzako saioekin, baita familientzako saio ireki batekin ere, maiatzaren 14an izango dena.
Horrez gain, Zinegoak zinema zikloak, aurten ere geldialdia egingo du Ordizian. Zinegoak Bilbon egiten den LGTBIQ+ nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia da. Sexu, nortasun eta genero aniztasuna sustatzen du zinemaren bidez, sentsibilizazioa eta kultura uztartuz. Ordiziako saioa, maiatzaren 7an izango da, 18:30ean, Herri Antzokian.
Maiatzaren 28an, berriz, Ana Jakak Marimutila naiz eta zer? ipuin kontaketa eskainiko du Barrena kultur etxean, 6 urtetik gorakoentzat.
Ikastetxeetan ere hainbat tailer eskainiko dira, adin tarte ezberdinetara egokituta. Besteak beste, LGTBIQ+ errealitateen ikusgarritasuna eta bizigarritasuna lantzeko saioak egingo dira DBH1eko ikasleekin, eta trans pertsonen bizipenak ezagutarazteko tailerrak DBH3ko ikasleekin.
Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu egitarauan parte hartzera, “gizarte bidezkoago, inklusiboago eta askotarikoago baten alde lanean jarraitzeko ezinbestekoa delako guztion inplikazioa”.
