YOSHIHIRO NARISAWA SUKALDARIAREN BISITAK IKUSMINA PIZTU DU
Harrera ofiziala egin dio Ordiziako Udalak japoniar sukaldariari, eta azokan erositako produktuak onddoak dastatu ditu D'elikatuzen
Gaur, osteguna, Donostiako Basque Culinary Centerren "Gastronomia eta jasangarritasuna" hitzaldia emango du Yoshihiro Narisawa japoniar sukaldariak, eta tartean egun libre bat zuela aprobetxatuz, Ordiziako Azoka ezagutzeko gonbita egin zion BCCko zuzendari Joxe Mari Aizegak. 10:00ak izateko minutu gutxi falta zirela iritsi zen Narisawa atzo Ordiziara emaztearekin eta semearekin, eta hari buruzko dokumental bat grabatzen ari den Japoniako telebista kate bateko taldearekin.
Igor Eguren alkateak, Izaro Intsausti eta Juan Mari Gereñu zinegotziek, Leire Arandia D'elikatuz zentroko zuzendariak eta Iker Markinez (Kuko jatetxea) eta Roberto Ruiz (Cafe Fronton) sukaldariek lehen harrera egin ondoren, udaletxera abiatu ziren harrera ofiziala egitera. Egurenek eskerrak eman zizkion Narisawari Ordiziara inguratzeko azaldutako prestutasunarengatik, eta azokako argazki bat eta gazta bat eman zizkion opari ordiziar guztien izenean.
"Ordiziako Azokak 501 urte bete ditu aurten eta iraunkortasunaren topagune izaki, ohore handi bat da udalarentzat Narisawa hemen izatea". Izan ere, iraunkortasunaren sukaldaria da japoniarra. Narisawak World 50Best Restaurant zerrendako jatetxe iraunkorrenaren sari berezia lortu du aurten bere gizarte eta ingurumenarekiko arduragatik, eta Restaurant aldizkariak lehenengoz argitaratu duen Asia's Best Restaurant zerrendako lehen postua ere eskuratu du aurtengo udaberrian.
Narisawak ere esker oneko hitzak izan zituen. Orain 16 urte izan zen azkeneko aldiz Euskal Herrian, eta paisaiaren edertasuna eta sukaldarien maila nabarmendu ondoren, "beti harrera oso beroa" egin diotela aipatu zuen. Egurenek Ordiziako Udalaren bisita liburua sinatzeko gonbita egin zion, eta bere esker onaren adierazgarri, honako esaldi laburra idatzi zuen: "Itzuliko naiz, zin egiten dut".
Azokan ikusmina
Segidan, eta Martinez jatetxeko Xabier Martinez sukaldaria gidari zuela, Ordiziako Azoka ezagutu zuen. Herritarren arreta piztu zuen berehala, eta baita ikusmina ere, ikusi besterik ez baitago Martinezek onddoei buruzko azalpenak ematen zizkion bitartean zenbat argazkilari eta zenbat lagun izan zituen inguruan. Onddoak erosi eta gero, D'elikatuzera abiatu ziren eta Martinezek plantxan eta nahaskian egindako onddoak dastatu zituen.
Azken hamar urteetan Ordiziako Gazta Txapelketa hirutan irabazi zuen Eulateko (Nafarroa) Ricardo Remiro artzaina ere han zen. Remirok Idiazabal Gazta bat artisau eran nola egiten den erakutsi zion, eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideek gazta eman zioten dastatzeko, produktu hori ere iraunkortasunaren ikur dela gogorarazi eta gero.