2013-12-11 Ordizia zabalik aurkezpenaOrdiziako Udalak 36.000 euro bideratuko ditu herriko merkataritza biziberritzea helburu duen programa honetara

Ordiziako Udalak ekintzaile berriei eta negozio berritzaileei zuzendutako 'Ordizia Zabalik' izeneko diru-laguntza programa aurkeztu du. Programa honen helburua hutsik dauden lokal komertzialak ekintzaile berrien bitartez berreskuratzea eta belaunaldi aldaketari erantzuna ematea da.

Urte hasieran udalak aurkeztu zuen MBPB Merkataritza Biziberritzeko Plan Bereziak aurreikusten zuen eginbeharretako bat zen Ordiziako merkataritza eta ekonomia suspertzea lokal hutsei erabilpen berriak emanez, eta proiektu hau martxan jarrita, MBPBk egindako eskari bat betetzeko lehen urratsa egin du udalak.

Igor Eguren alkateak, Joan Mari Gereñu sustapen, garapen eta komertzio zinegotziak eta Aitor Velazquez merkataritza teknikariak aurkeztu dute gaur 'Ordizia Zabalik' diru-laguntza programa, Alde Zaharreko Elkano kalean dagoen lokal huts batean. Haiekin batera, kanpainaren diseinua egin duten Ordiziako Tandem komunikazio enpresako ordezkariek hartu dute parte.

Hiru norabidetan landutako proiektua
Egurenen esanetan, gaur egungo errealitatea gordina kontuan hartuta, eta programa hau martxan jarrita, Ordiziako Udalak, sustapen, garapen eta komertzio sailaren bidez, beste saiakera bat egin nahi du herriko merkataritza biziberritu eta enplegu berriak sortzeko bidean. "Azken urteetan, eta egoera ekonomikoa alde izan ez arren, 25 komertzio berri ireki dira Ordizian. Kanpaina hau, esaterako, orain bost urte Ordizian sortutako Tandem Komunikazioa enpresarekin diseinatu da".

'Ordizia Zabalik' hiru norabidetan landutako proiektua da. Batetik, herrian ez dauden negozio berritzaileak erakarri nahi dira ekintzaile berrien bitartez. Bigarrenik, herriko gune desberdinetako beharrak asebete nahi dira, eta hirugarren eta azkenik, belaunaldi aldaketari erantzun bat eman nahi zaio.

Lokalen alokairua ordaintzeko laguntzak
Ordiziako Udalak 36.000 euro bideratu ditu programa honetara, eta diru hori negozio berri bat ireki nahi duen ekintzaileari alokairua ordaintzen laguntzeko erabiliko da. Laguntza hori hiru urtez jaso ahal izango da gehienez: lehen urtean alokairuaren %75 ordainduko du udalak (gehienera 300 euro hilean), bigarrenean %50a (gehienera 200 euro hilean) eta hirugarrenean %25a (gehienera 100 euro hilean).

Alkatearen ustez, programa hau sustatuta, herriko merkataritza erakargarriagoa izatea lortuko da, eta gaur egungo merkatarientzat onuragarria izango da. "Horregatik, negozio berri bat ireki nahian zabiltzatenoi informazioa eskatzeko eta programan parte hartzeko deia egin nahi dizuet".

Ekintzaileen betebeharrak
Aitor Velazquez merkataritza teknikariak eman ditu diru-laguntza programa honi buruzko xehetasunak. Azaldu duenez, Ordizian merkataritza jardueraren bat abiatzeko interesa duen edonork har dezake parte, eta interesatuak ez du zertan Ordizian bizi beharrik.

Sektore edo jardun hauetakorekin batekin lotura duten jarduerak ezarri ahal izango dira hutsik dauden lokal komertzial horietan:

-Txikizkako merkataritza
-Elikagaien sektorea
-Pertsonei zuzendutako zerbitzu enpresak
-Interesa izan eta merkataritza aldetik inguru hori suspertzen laguntzeko koherentea izango den beste edozein

Lokal huts bat berreskuratu nahi duten ekintzaileek, berriz, honako baldintzak bete beharko dituzte:

-Negozio bideragarri baten proiektua izatea
-Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea
-Lokal komertzial hutsaren jabeak programa honetan parte hartzeko eskaera-inprimakia betea izatea
-Sustatzailearen curriculuma eta GOIEKI eskualdeko garapen agentziaren bitartez landutako jarduera memoria-proiektua aurkeztea

Izena emateko bideak
Programa honetan parte hartu nahi duten ekintzaile berriek edo hutsik dauden lokal komertzialen jabeek, lehen urrats modura, inprimaki bat bete behar dute udaleko arreta bulegoan. Bai eskaera-orriak zein programaren oinarri arautzaileak Ordiziako Udalaren webgunean (www.ordizia.org) eta Herritarren Arretarako Udal Bulegoan eskura daitezke. Oinarri horietan azaltzen den epaimahaia izango da proiektuei oniritzia emateko eskumena izango duena.

Inprimakiak

Lokal hutsetako jabeek inprimakia

Ekintzaileen inprimakia.

Oinarri arautzaileak

Informazio gehiago lortzeko bideak:

-Ordiziako Udalaren webgunea: www.ordizia.org
-Merkataritza saileko e-posta: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
-Telefonoa: 943 16 06 73